Iñaki Gonzalez 'Fortun': "TOOL edo Queens of the Stone Age bezalakoentzat diseinatu nahiko nuke"

Iñaki Gonzalez 'Fortun': "TOOL edo Queens of the Stone Age bezalakoentzat diseinatu nahiko nuke" https://www.gaztezulo.eus/albisteak/inaki-gonzalez-fortun-tool-edo-queens-of-the-stone-age-bezalakoentzat-diseinatu-nahiko-nukequot/@@download/image/inžakilapiz_1450184085.jpg
2015/12/15
erreportajea
TESTUA: Saioa Baleztena @SaioB
Iñaki Gonzalez 'Fortun': "TOOL edo Queens of the Stone Age bezalakoentzat diseinatu nahiko nuke"
Gaztetxoa zenean gerturatu zen Iñaki Gonzalez ‘Fortun’ (Irun, 1981)  musikagintzara. Rayo Laser, Lazy Lizard, Küm eta Sexty Sexers bezalako taldeetan baketen ardura izan du, eta duela hamar urtetik buru-belarri dabil kartelgintzan.




Nola definituko zenuke zure burua, musikaria ala ilustratzailea?

Musika eta ilustrazioa dira nire bi zaletasun handienak, nahiz eta ilustratzaile bainoago diseinatzaile grafiko bezala definituko nukeen nire burua. Zaletasun horiek banatzea oso zaila egiten zait, betidanik biak esku beretik joan baitira.

Rayo Laser, Lazy Lizard, Küm eta Sexty Sexers taldeetan ikusi zaitugu. Musikari gisa noiz eman zenituen lehen urratsak?
Aipatzen dituzun horiek baino lehenago, Reeperbahn izeneko banda batean jo nuen. Hamabost urterekin hasi nitzen, berez, gitarra jotzen ikasten ari nintzen arren. Taldeko bateria-jotzaileak utzi eta taldean sartzeko aukera izan nuen, eta baketak eskutan hartu bezain azkar ikusi nuen hura zela benetan gustatzen zitzaidana. Gure kantak sortzen genituen, eta Bowie, Ramones edo Iggy Popen bertsioak ere jotzen genituen.

Orain baduzu bateria jotzeko tarterik edo utzita duzu erabat?
Bateria jotzen jarraitzen dut oraindik, zuzenekoetan murgilduta ez nagoen arren. Talde berriekin hainbat proiektu prestatzen ari naiz, eta horretaz gain, umeei bateria klaseak ere ematen dizkiet duela zortzi urtetik hona. Beraz, nire egunerokotasunaren parte dut bateria, eta ezingo nuke inoiz utzi!

Bi pasioak uztartu dituzula erran daiteke, beraz. Kartelgintzaren bitartez bizitzea posiblea da gaur egun?
Hamar bat urte daramatzat diseinuan, eta beste horrenbeste kartelgintzan, baina egia da azken urte honetara arte ez didala bizitzeko adina eman. Gaur egun honetaz bizi naiteke, baina diseinu estudio batean lanean hasteko aukera izan dut orain gutxi, eta orekaz haratago, ikasten jarraitzeko aukera ematen dit horrek.

Zein dira kartelgintzan aritzen zaretenontzat zailtasunik handienak?
Nire kasuan arazoa da, eta aldi berean bertutea, hasieratik exijentzia maila altua jartzen diodala neure buruari. Diseinu maila altua duten egileen lanak aztertzen ditut eta nire lanak maila berera heltzea gustatzen zait. Ezin dut zerbait bukatutzat eman ez banau erabat konbentzitzen. Horregatik, geroz eta ordu gehiago ematen ditut emaitza egokiaren bila. Uste dut azken emaitzan ageri dela hori.

Diseinuaren beste adarrak ukitzeko asmorik baduzu?
Lanean hasi berri naizen diseinu estudioan, diseinuaren beste adar batzuk lantzen ditut. Egia esan, argi dut musika talde edo jaialdientzako diseinatzea gustuko dudala. Musikaren munduan oso gustura sentitzen naiz, musikagatik eta musikarentzat bizi naizelako.

Azken hilabetean zabalik egon da ‘…one, two, three, FORT!’ izeneko erakusketa Irungo Martindozenea Gaztelekuan. Collage teknikaren bitartez egin dituzun kartelak erakutsi dituzu. Zergatik teknika hori?
Hiru teknika erabiltzen ditut aspalditik. Teknika bektoriala rock musikarentzat erabiltzen dut, ilustrazioa zerbait berezia egin nahi dudanean eta collagea da azkenaldian gehien erabiltzen ari naizena. Azken hori da gehien gustatzen zaidana, eta gustuko ditudan taldeei ondo egokitzen zaien teknika dela pentsatzen dut. Collagea arakatu eta gehiago lantzea erabaki dut nire estilo propioa bilatu asmoz.

Etorkizunari begira, zein dira zure erronka edo helburu nagusiak?
Nire erronka TOOL edo Queens Of The Stone Age bezalako taldeentzat diseinatzea da. Beraz erronka bete arte lanean jarraituko dut. Nork daki, agian egunen batean…

Aurrera begira, proiektu berririk baduzu eskuartean?
Beti nabil proiektu berrien bila. Momentuz, datorren urterako baditut jada mahai gainean zenbait lan hitzartuta, eta bat edo beste lan bereziak dira. Bide horretik dator 2016a. Eta musikari gisa ere gauza bera gertatzen zait, gauza berrien bila nabil beti; gaur egun ditudan bandak estilo ezberdinen nahasketak dira.