Iñaki eta Xabier Zapirain: "Bihotz oneko bi biki inuzente gara"

Iñaki eta Xabier Zapirain: "Bihotz oneko bi biki inuzente gara" https://www.gaztezulo.eus/albisteak/inaki-eta-xabier-zapirain-quotbihotz-oneko-bi-biki-inuzente-garaquot/@@download/image/66p20-1.jpg
2006/09/01
elkarrizketa
Jon Odriozola
Iñaki eta Xabier Zapirain: "Bihotz oneko bi biki inuzente gara"
Bikiak. Bi ur tanta. Errenteriako semeak. Eguneroko bizitzan, benetakoan, Iñaki eta Xabier Zabaleta izena dute, baina "Kutsidazu bidea, Ixabel" filman, Joxemiel eta Manuel bihurtu zaizkigu. Joxemiel eta Manuel: Harrialde herriko Aranguren baserriko bikote bihurria, Juan Martin euskaldun berri baldarrari adarra jotzen ibiliko dena. Arte Ederretan lizentziatu ziren, eta, orain, Zazpigarren Artean "doktoratu" dira. Irailaren 28an, Donostiako Nazioarteko Zinemaldiko estreinaldi mundialean, biki ospetsuenak izango dira, seguru.

Aktore izateaz gain, Ereintza Dantza Taldeko partaideak ere bazarete zuek biok, Iñaki eta Xabier.
Iñaki Zapirain: Ereintza taldean aurreko mendetik gabiltza dantzan. Urteak dira; txiki-txikitatik.
Xabier Zapirain: Aurten jada uztekotan gara, adin kontuak izango dira, akaso.

Errenteriarrak zarete, eta kaletarrak. Baina
"Kutsidazu bidea, Ixabel" filman, bi baserritarren rolean ari zarete. Nolatan?
I.Z: Gauza da argazkilari mexikar batek erakusketa bat egin nahi zuela, eta modelo izan nahi genuen galdetu zigun. Guk, baietz erantzun genion. Guri egindako argazki hori Andoaingo Kultur etxean egon zen ikusgai. Ondoren, argazkia Mireia Gabilondo zuzendariaren eskuetara heldu zen, eta, ikusi orduko, "hauek dira pelikulako nire bikiak" esan, eta gurekin harremanetan jarri zen.
X.Z: Probatxo bat egitera deitu gintuen, eta handik denbora batera, filmatzen hasi ginen. Egia esan, apur bat beldurtuta joan ginen casting-era.

Anjel Alkain aktorea, Desastre baserriko Afrodisio da filman. Alkainen ustez, zineman
"pazientzia handia behar da", eta berak  "hortik oso gutxi" omen dauka.
X.Z: Ikus-entzunezko mundua pittin bat ezagutzen genuen, baina kameraren aurrean jartzea beste kontu bat da. Hasieran sentsazio arraro samarra genuen, baino iazko udan, filma grabatzen bi hilabete pasatu ondoren, eginaren poderioz jarri ginen. Dena eman genuen.

"Kutsidazu bidea, Ixabel"
filmeko istorioa 1978an kokatua dago. Gazte zaudete oraindik, alajaina!
I.Z: Orduan jaio gabe geunden! Lau urte genituen. Azaroan, 24 urte beteko ditugu.

Filman Harrialdeko Aranguren baserriko seme bikiak zarete.

X.Z: Pelikularako karakterizazioa areagotu egin ziguten, eta ilea eta bizarra luzatzen utzi genuen.

Eta zer zarete, baserritar peto-petoak?

I.Z: Beno, baserritar light samarrak gara; baina baita apur bat kalekumeak ere. Filman, Joxe Luis Ugartemendia belauntzarrak egiten du gure aitaren papera, eta hori bai dela baserritar petoa, hori! Pelikulak ez du "Kutsidazu bidea, Ixabel" antzezlanarekin zerikusi askorik: gure pertsonaiak kale bizitza ezagutzen duten baserritar normalak dira.

Juan Martin pertsonaia (Mikel Losada aktorea) euskaldun berria da, eta swahilieraz hitz egitea leporatzen dizue.

I.Z: Pelikulan, gipuzkeraz eta hika hitz egiten dugu. Ez da batere euskara itxia, oso ulerterraza da.

Beste pertsonaia bat, zuen arreba Ixabel (Ainere Tolosa aktorea), baserrira iritsitako euskaldun berriaz maitemintzen da. Kontu bitxi samarra, ezta?

I.Z: Bihotz oneko bi biki inuzente gara gu. Ez gara ohartzen, Ixabel eta Juan Martin maitemintzen direnik ere. Halako batean, arrebak leporatu egiten digu euskaldun berria herriko putetxera eraman izana. Halere, gure zakartasunean, jatorrak gara.

Nahiko putetxe berezia da Harrialdeko hori. Zer da, klub sozial moduko bat? Herritarren bilgunea?

X.Z: Bai, inguruko baserritarrak eta euskaltegiko zenbait kide bertan elkartzen gara. Gure amona Gregorik ere, badaki bertara joaten garela. Juan Martini, putetxeko neska motz onenarekin ezer ez egin izana leporatzen diogu, eta 30 euro alferrik galtzea  Emakumeak berotu egiten du Juan Martin, baina euskaldun berriak, solasean jardun nahi du soilik.
I.Z: Bezero onak garenez, putetxeko madame-ak, "los gemelitos" edo "los caseritos" esaten digu.

Filman, edatea eta erretzea gustuko duzue, eta zurrunga egiten duzue gauero. Errealitatean ere horrela al da?

X.Z: Euskaldun-berriak gurekin duen traba ba-karra, gure zurrungak dira. Errealitatean, agian, edan eta erretzen dugunean egingo dugu zurrunga.
Mireia Gabilondo filmaren zuzendaria da, baina horrez gain, beste pertsonaia baten paperean ere ari da, zuen arreba Begorenean, alegia.
I. Z: Bi lanetan ondo portatu da. Arreba gisa, ez da gurekin askorik sartzen, eta garen bezala errespetatzen gaitu.

Liburua irakurri eta filma ikusten duenak, alde handia igarriko al du batetik bestera?
X.Z: Antzezlanak eta filmak oinarri bera dute, baina, hala ere, ez dute zerikusi handirik elkarrekin. Antzerkia karikatura bat da, eta filma, aldiz, istorio errealagoa. Pelikulan ez da soilik liburuko argumentua islatzen, beste istorio batzuk ere antzemango ditu ikusleak.

"Kutsidazu bidea, Ixabel"
liburuaren 62.000 ale baino gehiago saldu dira. Etxean izango duzue aleren bat, ezta?
X.Z: Aitortu behar dugu, proba egitera joan behar genuela esan aurretik, hamabost egun igaro zirela, eta orduan erosi eta irakurri genuela liburua.

Irailaren 28an, filma estreinatuko da Donostiako Zinemaldian. Esmokina prest?

I.Z: Oso kontent gaude halako aukera bat sortu zaigulako; izan ere, aukerak aprobetxatu egin behar dira. Aukera sortzen bada, alfonbra gorritik ere ibiliko gara.

Kapitalera, ez zarete sega, gurdia eta abarkekin joango, ezta?

X.Z: Ez, trajea jantzita, bizarra moztuta, eta txukun-txukun hurbilduko gara. Alfonbratik ez gara gurdi gainean joango, aizu.

Aukera honek ateak zabalduko dizkizuelakoan…

I.Z: Pelikula bukatu orduko, jada, sortu zaizkigu aukerak; ikus-entzunezko munduan sartzen lagundu digu honek. Lehengo urtetik hona, elkarrekin lan egitera behartzen gaituzte: iaz, "Kutsidazu"n izan zen, eta aurten, "Martin" telesailaren grabaketan. Errealizadore laguntzaile gara.

Eta autografoak?

I.Z: Momentuz, batere ez. Halere, ez dugu burrunba handirik espero. Pelikula estreinatu ondoren esango dizugu….

Monster familia ote?



Pasarte barregarri asko dago Joxean Sagaztizabalek idatzitako "Kutsidazu bidea, Ixabel" liburuan, eta, seguru asko, umore horri zor dio liburuak izandako arrakasta itzela.

Hona hemen, adibidez, Harrialdeko Aranguren baserrira heldu berri den Juan Martin pertsonaiak nola deskribatzen duen bertako familia:

"Monster familia"
"Saiatuko naiz azaltzen, amonak ez zuen banpiroa ematen, aitak ez zuen Herman Monster-en itxurarik, ezta amak Yvonne de Carlo-rena ere, baina oro har… bi anaiak bikiak dudarik gabe, eta, dudarik gabe ere, buru normal batean kabitzen dena erdibana; ahizpa ipuinetako amordearen alaba, itsusia bai behintzat; gaiztoa? Ez nekien, artean; gurasoak intzesto-ezkontza eginak, ze igual-igualak ziren, sendoak, boronoak, bekozkoak; eta amona! La bruja pirula! Txiki txikia, begiak zimur arteko zulo sakonetan, beltzez guztiz eta azken irribarrea berrogeita zazpian".