Iñaki Cid Larreak eta Pantzo Hirigaraik irabazi dituzte Cafe Bar Bilbao - Tartean Teatroa antzerki sariak
Cafe Bar Bilbao- Tartean Teatroa antzerki sarien XXI. edizioan hogeita hamaika gidoi jaso dituzte, hamar euskaraz eta gainerakoak gaztelaniaz. Egileei dagokienez, hiru izan dira emakumezkoak eta bi bizkaitarrak, lau gipuzkoarrak, eta arabar eta baxenabartar bana.
Jasotako lanean kalitatea nabarmendu dute antolatzaileek, ohiko legez, eta, ondo aztertu eta gero, hiru hauek hautatu dituzte irabazle: Iñaki Cid Larrearen Arropa zuria, Pantzo Hirigarairen Dolua, eta Braulio Cortes Diazen Diario de desdichas.
Iñaki Cid Larreak ( Donostia, 1986) idatzitako Arropa zuria, "gure amek eguneroko keinu txikien bidez gutako bakoitzarengan uzten duten ondareari" buruzkoa da. "Eguneko une desberdinetan gure burura itzultzen diren keinu edo momentu hauek dira bakarrik ez gaudela gogorarazten digutenak,jende askoz osaturik gaudela esaten digutenak, gu ez garela bakarrik gu garrasi egiten digutenak. Antzerki hau gurasoak eduki arren benetan gertu ez dituztela sentitzen duten pertsona guztiekin konektatzen duen pieza da. Gurasoak ez daudenean faltan botako dituztela jakin arren, haiengana gehiago hurbiltzeko, aholkuak eskatzeko edo besterik gabe, haiek entzuteko gai ez diren pertsonentzat idatzitako lana da; biharko egunean beraien arropa amarena bezain txuria geratuko ez den pertsonentzat alegia", azaldu du egileak.
Testua bi aktoreentzat sortua izan da eta nahasten diren bi mundu ezberdinekin jolasten du: egotearekin eta ez egotearekin; aurrez aurre hitz egitearekin edo telefonoz hitz egitearekin; bizirik egotearekin eta hilda egotearekin. Errealitatearen eta memoriaren munduak nahastuz hitz egiten duen testua da.
Euskarazko modalitatean, beste lan bat ere izendatu dute irabazle, Pantzo Hirigarairen (Baigorri, 1958) Dolua. Lagun batek eskatu zion heriotzaren gaiaz zerbai idazteko, familiako norbaiten galerak larriturik. Antzezlan honetan lagun talde bat agertuko da, haien adiskide baten ehorzketetatik itzultzen. Debate bat sortzen da haien artean heriotzaz: ba ote da beste bizi bat ondotik eta nolakoa? Ez dira konturatzen hil den laguna haien artean dela, ez dutelako ez ikusten ez eta entzuten. Hori dela eta, hitz egiten duenean, ez diote erantzuten. Honek gaizki hartzen du haien erantzun eza, hilik dagoela ulertzen ez duelako.
Gaztelaniazko gidoirik onena, berriz, Braulio Cortes Diazen Diario de desdichas izan da. Obra hau 2020an kokatzen da, pandemia itxialdian egondako egunetan; hain zuzen ere, sei asteren ondoren, haurrak kalera ateratako lehen egunean. Giza harremanez, absurduaz, eta gure txikitasunaz dihardu, samurtasunez eta umorez.
Datorren otsailaren 29an egingo dute euskarazko gidoi irabazleen irakurleta dramatizatua. Lautan Hiru jaialdian. Pabellon 6 aretoko Antzerki Arinaren Jardunaldietan parte hartzeko produkziorako laguntza ere luzatuko dute.
