Imanol Zubiauzek irabazi du Eusko Ikaskuntzaren Gazte Saria

Imanol Zubiauzek irabazi du Eusko Ikaskuntzaren Gazte Saria Euskaldunen eta islandiarren artekoan komunikatzeko sortutako proto-hizkuntza eta itsas-kultura aztertuko ditu. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/imanol-zuabiauzek-irabazi-du-eusko-ikaskuntzaren-gazte-saria/@@download/image/gazte_saria_imanol_433.jpg
2022/05/10

Testua: Maitane Legarreta Etxezarreta
@mailegetx

Euskaldunen eta islandiarren artekoan komunikatzeko sortutako proto-hizkuntza eta itsas-kultura aztertuko ditu.
Imanol Zubiauzek irabazi du Eusko Ikaskuntzaren Gazte Saria

Arte Ederretan doktore den Imanol Zubiauz 32 urteko gazteak lortu du aurtengo Eusko Ikaskuntza- Laboral Kutxa Gazte Saria, Pidgin proiektuarengatik. Balearen harrapaketaren garaian kokatuta, euskal eta islandiar herrien arteko loturak aztertuko ditu lanak.

Ikerketa artistikoari, antropologikoari, identitateari eta memoria kolektiboari lotuta dagoen proiektua da Pidgin; hain zuzen ere, izen horrekin ezagutzen dira harremanik gabeko bi hiztun komunitatek elkar ulertzeko sortzen duten hizkuntzari.

Elkarren arteko merkataritza ahalbidetzeko, bi kulturen loturak, euskararen eta islandieraren arteko proto-hizkuntza bat sortu zuten. “Horren adierazle, aurkitutako 700 hitz inguru dituzten bi eskuizkribu daude”, argitu du epaimahaiak. Euskararen erabilera, islandierarekin sortutako hizkuntza berrian, eta itsas-kultura dira proiektuaren ardatz nagusiak. Aintzineko dokumentuak berreskuratzeaz gain, erreproduzio berriak (audioak eta pieza grafikoak) landuko ditu eta bestelako euskarriak ere sortuko ditu. Hori guztia, gainera, garai hartako fikziozko marinel batek bizi izandako bizipen eta oroitzapen forman ekarriko du gogora. 

Epaimahaiak artista gaztearen formakuntza zabala eta ibilbide artistiko oparoa azpimarratu nahi izan du. Lan hau egiteko 6.000 eurotako ordainsaria jasoko du.

Imanol Zubiauz Zumarragan jaio zen. Arte Ederretan Doktore, Cum Laude aipamena jaso zuen 2020an, eta Arte Garaikide Teknologiko eta Performatiboa Masterra egin du. Goi-mailako ikasketak ere baditu irakaskuntzan eta hizkuntzen irakaskuntzan. Ikerlan eta hainbat argitalpenen egilea da.

Teresa Catalán ere saritua
Eusko Ikaskuntza- LABORAL Kutxaren Humanitateak, Kultura, Arteak eta Gizarte Zientzien Saria Teresa Catalanek eskuratu du. Epaimahaiak adierazi duenez, "Catalán konposizio garaikideko egile ospetsu eta garrantzitsuenetako bat da gure herrian. Gainera, egitate musikalaz duen ikuskeragatik eta kulturarekin duen konpromisoagatik, erreferente da etikan eta irakaspenean. Sortzaile gisa, talentuaren eta zintzotasun artistikoaren uztarketak bakarrik ahalbidetzen duen estilo propioa lortu du".