Imanol Ubeda (Bide Ertzean): "Etxeko pasarte dramatiko bat izan da diskoaren abiapuntua"

Imanol Ubeda (Bide Ertzean): "Etxeko pasarte dramatiko bat izan da diskoaren abiapuntua" https://www.gaztezulo.eus/albisteak/imanol-ubeda-bide-ertzean-etxeko-pasarte-dramatiko-bat-izan-da-diskoaren-abiapuntua/@@download/image/bide_ertzean_1380795582.jpg
2013/10/07
elkarrizketa
Argazkia: Baxi Ubeda
Hirukote gisa aurkeztu dute ‘77’ lan berria Imanol Ubeda, Joni Ubeda eta Karlos Aranzegi tolosarrek. Datozen hilabeteetan errepidera itzuliko da Bide Ertzean.


‘Non dira’ (Gaztelupeko Hotsak, 2006) lanean 36ko gerrari egin zenioten erreferentzia. ‘77’ honetan, aldiz, euskal gizarteak trantsizio garaian bizitakoak gogora ekarri dituzue. Zer dela eta? Zein helbururekin?
Momentu garrantzitsua bizi dugu Euskal Herrian, eta uste dugu 1977 urtea ere esanguratsua izan zela: ikurrina legeztatu zuten, 36ko gerraren osteko lehen Aberri Eguna ospatu zuten Hego Euskal Herrian, Francoren diktaduraren ondorengo lehen hauteskundeak egin zituzten Espainian, Amnistiaren Aldeko Ibilaldia egin zuten eta urte horretan bertan Espainiako Gobernuak Amnistia dekretatu zuen preso politikoentzat… Halaber, 70eko hamarkadan errepresio gogorra bizi izan zuen euskal gizarteak, eta hori ere deigarria egin zaigu, errepresioaz eta beronen ondorioez inork gutxik hitz egiten duelako. Era berean, ilusio handiko garaiak izan ziren, mundua errotik aldatu zitekeela uste zuten askok.

Zer dakar diskoak?
1977an kokatuta dauden hamabi kanta berri eta bi kontakizun. Bata Garbiñe Ubedak egina, bestea Koldo Izagirrek diskorako propio idatzia. Izan ere, kantak grabatu ostean eta diskoko liburuxka osatzen hasi ginela, konturatu ginen kantek helduleku baten beharra zutela, 70eko hamarkada batzuentzat garai ezezaguna delako, eta akaso testuinguru batean kokatzeko premia zutela abestiek. Bi idatziek funtzio hori betetzen dute. Non dira diskoan bezala, etxeko pasarte dramatiko bat da 77 honen abiapuntua, baina oro har esango nuke garaia bera izan dela jakin-mina piztu diguna.

Zaila izan al da kantei eman beharreko tonuarekin, kutsuarekin asmatzea?
Tonu, kolore eta aldarte ezberdineko kantak barneratu ditugu, eta saiatu gara bakoitzari ukitu propioa ematen, doinua hitzen aginduetara jartzen; eta baita alderantziz ere. Abestiekin hasi ginenean Egarri egunak portualdean (Susa, 2011) nobela plazaratu zuen Koldo Izagirrek. Garai hartan kokatzen da nobelaren trama, eta guretzat opari ederra izan zen, urte haietara garraiatzen zaituelako. Antzekoa gertatu zitzaigun Gure bide galduak (Dejabu Panpin Laborategia, 2011) antzezlanarekin. Franco hil ondorengo lehen urteetan girotuta dago. Erreferentzia gisara baliatu ditugu bi lanak, borroka kolektiboaren baitan, norberak bere buruarekin bizi duen gatazka jasotzen baita haietan. Eta hori ez da txikikeria guretzat.

Zer edo zer entzun dut zuen osabak egindako egurrezko gitarra bati buruz… Zein lotura du diskoarekin?
Bai, Koldo Izagirreren kontakizunean dator jasoa istorioa. Gainera, osaba anai-arreba guztiak lotu gaitu idatzian, nola gainera! Eta zentzu osoa du: gure ahalegina hori baita azken finean, osabaren eta bere belaunaldikoen ahalegina eta oroimena biziaraztea. Hortik aurrera, disko honen bitartez 70eko hamarkadaren inguruko jakin-mina piztea lortzen badugu, asmatu dugun seinale.

Hirukote izatera itzuli zarete, 1999an taldea sortu zenutenean bezalaxe.
Ariketa musikal gisa planteatu dugu. Fran eta Joserra gabe, baliabide artistiko gutxiagorekin beraz, ea hirukote moduan disko duin bat egiteko gai garen, horixe aldaketaren arrazoi nagusia. Baina taldekidetzat ditugu oraindik, eta etorkizunean berriro elkartzeko aukera izango dugu.

Zuen webgunean 1977 izeneko atala sortu duzue, garai hartako gertaerak gogoan dituzten lagunen idazlanak bilduko dituena, ezta?
Bai, diskoarekin batera webgunea berritu dugu, eta 1977 atala ahalbidetu dugu garai hura bizi, sufritu edota gozatu zutenen testigantzak jasotzeko asmoz. Blog itxura izango du.

Aurreko diskoarekin atzerrira irten zineten, eta Euskal Herriko areto garrantzitsuenetan entzunarazi zenuten zuen musika. Zein ibilbide izango du datorrenak?
Tira, Londresen aritu ginen eta Espainiako hainbat hiritan ondoren, ez askoz gehiago. Baina arrazoi duzu: aurreko bira ederra izan zen. Uste baino gehiago luzatu zen eta emanaldi batzuk, gainera, gogoangarriak izan ziren. 77 diskoaren zuzenekoa, aldiz, rockeroagoa izango da, kantek izaera hori dutelako, eta kutsu horretako kanta zahar batzuk ere berreskuratu ditugulako.