Ilustrazio arloko 40 profesional baino gehiago elkartuko dira Gasteizko Irudikan
Gaurtik larunbatera bitarte gauzatuko da Irudikaren zazpigarren edizioa, Gasteizko Artium-Arte Garaikidearen Euskal Museoan. Guztira, hamahiru herrialdetako ilustrazio arloko 42 profesional, argitaletxeak eta agenteak elkartuko dira. Japonia, Polonia, Nigeria, Mexiko, Italia, Frantzia, Argentina, Portugal, Venezuela, Uruguai, Estatu Batuak, Kolonbia eta Espainiakoak bertaratuko dira. Euskal Herriko proiektuek presentzia handiagoa izango dutela nabarmendu dute antolatzaileek, guztira bederatzi. Ekintza-lerro, konferentziak, hitzordu profesionalak, tailerrak, egonaldi artistikoak eta erakusketa bat izango dira egitarauan.
Gaurko eguna ilustrazioaren sektore paraleloei eskainitakoa izango da. Jardunaldia Artium-Arte Garaikidearen Euskal Museoko A3 aretoan egingo da. Bitxiak sortu eta marraztu izeneko hitzaldiak emango dio hasiera programari. Jarraian, Ekologia eta biomaterialak izango da. Gastronomiak ere izango du bere tartea, Munduko Arrozak proiektuarekin. Elkarrekin editatutako lanak dituzten edo beren proiektuen tematika dela eta elkarrekin zerikusia duten ilustratzaileekin eta editorialekin egindako hitzaldiak ere izango dira edizio honetan.
Jardunaldia amaitzeko, Adam Pesapane animatzailearen emanaldiak izango dira. Fresh Guacamole eta Spaghetti Western film laburrekin lortu du ospea Pesapanek.
Bestetik, liburu azalen diseinua, espazio eta inprimaketa bereziak dituzten argitaletxeak ere ezagutuko dituzte parte-hartzaileek. Liburu azokak eta autoedizioaren gaia ere jorratuko dute.
Ilustrazioaren munduko hitzaldiak atalean, Japoniara gerturatuko dira egile hauen bidez: Yoshiko Hada, Kiyoko Matsuokae eta Iraia Okina. Polonia ere hizpide izango dute Iwona Chmielewskarekin, Marta Ignerskarekin eta Kasia Lebedzinskarekin. Bestalde, Nigeria ordezkatuz, Styles Osundek, Blossom Oyeyipok eta Wole Lagunjuk hartuko dute parte.
Hitzaldiak irudika.eus webgunean streaming bidez jarraitzeko aukera egongo da.
Hitzordu profesionalak, tailerrak, sariketak, erakusketa eta beste
Ilustratzaileek argitaletxeekin eta profesionalekin hitzorduak egiteko aukera izango dute, haien portfolioa hobetu, zalantzak argitu edo lan-hitzarmenak adostu ahal izateko.
Bestetik, hiru tailer sorpresa ere egingo dituzte. Antolakuntzak iragarri duenez, ilustraziorako euskarriak sortzeko material organikoak eta birziklatuak prestatuko dituzte tailer horietan.
Sorkuntzari laguntza emateko eta etorkizunera begira, Irudikak ilustrazioko eta animazioko bi sariketa ere antolatu ditu. Horien saria 1.000 eurokoa izango da egiletza-eskubideekin lotuta, eta beste 1.450 eurokoa mantenurako eta gastuetarako. Hau da, guztira, 4.900 eurokoa bi artistentzat. Horrez gain, bi egonaldi artistiko egongo dira, toki hauetan geldialdiak eginda: Gasteizen; La Maison des Auteurs de la Cité internationale de la bande dessinée et de l’image-n, d´' Angoulême-n; Casa del Autor-en, Zapopánen (Mexiko); eta BilbaoArte Fundazioan. Bertan, bi hilabete eta erdiz, sorkuntzako ikasketak egiteko aukera izango dute.
Bukatzeko, hamaika artistak egindako ilustrazioen erakusketa izango du Gasteizko Zuloa Irudia liburu-dendan. Artista hauen instalazioak eta plantxak izango dira: Diana Ejaita, Blossom Oyeyipo, Taro Miura, Wole Lagunju, Acapulco Studio, Masatsuna Fujimoto, Iwona Chmielewska, Marta Ignerska, Yoshiko Hada, Styles Osunde eta Iraia Okina.

