Ilearen botere erotikoa

Ilearen botere erotikoa https://www.gaztezulo.eus/albisteak/ilearen-botere-erotikoa/@@download/image/sexua_02_1421060926.jpg
2015/01/15
erreportajea
Testua: Maider Jerico eta Nerea Sancho. Arremanitzeko kolaboratzaileak @Arremanitz
Erotismoaren alorrean, giza gorputzaren elementu bakoitzak badu bere pisua,
eta ilea bada sentsazio bereziak sortzeko gai den horietakoa. Ileari zein erabilera ematen diogun eta nola daramagun aztertzerakoan, baina, gustu pertsonalak,
talde sozialak edota kultura bezalako faktoreak kontutan hartu behar dira.


Erakargarritasunaren jokoan ileak berebiziko garrantzia du. Ilearen leuntasun, mugimendu eta usainak sentsazio bereziak pizten dituzte gugan. Hori dela eta, fantasia erotikoetan maiz azaltzen da. Sedukzio jokoaren parte da ilea ukitzea. Eta iletik tira egitea, ilea laztantzea edo iletik eustea sarritan egiten diren jokaera erotikoak dira. Ilearen botere erotikoa ukaezina da, baina zein dira erakargarritasun horren gakoak?

Ilearen gorputz kokapena bigarren mailako sexu ezaugarria den heinean, apaintzeko, bereizteko edota transformatzeko balio duen elementua da. Beraz, erakargarritasunean eragiten du zuzen-zuzenean.

Aniztasuna nabarmena da ile kontuetan, eta horrek aukera ugari eskaintzen dizkigu sedukzioa eta topaketa erotikoak aberastu eta disfrutatzeko. Eder edo itsusi, zein begik ikusi!  Tamalez,  desira indibidualak anitzak izan daitezkeen arren, ez dira begi-bistakotzen, moda jarraitzea errazago egiten zaigulako; hau da, gure nortasuna definitzen duen estiloa jarraitzea baino errazago zaigu modak agintzen duena jarraitzea. Hortaz, baliogabetu egiten dira.

Talde sozialen nortasun zeinua

Krestak, rastak, kaskamotzak, txirikordak, flekiloa... azken hamarkadetan antzeman bezala, mendebaldeko gizon eta emakumeen estetika etengabe aldatuz doa. Ilea modu batera edo bestera moztuta eta orraztuta eramatea talde edo mugimendu sozial jakin baten idealak partekatzen direla adierazteko erabili ohi da. Zentzu horretan, Ocho apellidos vascos (Emilio Martínez-Lázaro, 2014) filmean Amaia izeneko pertsonaiak daraman flekiloa euskal herritarraren adierazgarritzat jotzen da umorez. Ilearekin lotutako elementu horiek desira piztu edota itzaltzeko besteko indarra izan dezakete.

Talde mugimenduez haratago, herrietako kulturak ere aipatu behar dira. XXI. mendean, esate baterako, erlijio islamikoan emakumeek hiyab-a erabiltzen dute burua estaltzeko. Katolizismoan, hainbat emakumek mantelina erabiltzen dute elizan eta Ama Birjina burua estalkiarekin babestuta agertzen da irudietan. Gizonek emakumeengan ezartzen duten boterean gehiegi sakondu gabe, esan dezakegu ilea ezaugarri kitzikagarria izateagatik ezkutatzen dela.

Gaztetasuna goraipatzea
Gure kulturan zahartzaroa mespretxatzen da. Ile sendo eta ugariak gaztetasuna islatzen badu, zahartzaroaren erakusgarriak azaltzen diren heinean ezkutatu egiten dira, tinteak, ileordeak edota injertuak erabilita. Askorentzat, ordea, erakargarriak dira gizon ileurdinak eta burusoilak; George Clooney aktorea eta Pitbull raperoa joera horren adierazgarri ditugu. Emakumeen kasuan, oso bestelakoa da ezaugarri horien trataera mediatikoa.

Azkenik, depilazioa asko hedatu da neska eta mutil gazteen artean, hanketan, besapetan, genital inguruan zein bularrean, adibidez; horrek, gorputzeko ile horiekiko nazka sentitzea eragin du, eta norbera bere gorputzaren kontrako guda batera eraman. Gorputza onartzea ezinbestekoa da erotikan plazer intentsoak bizi ahal izateko, eta moda horiek gozamena galarazi dezakete sarritan.

Ilearen sinbologia eta komunikazio gaitasunaren adibide batzuk:


• Europa XVI-XIX. Emakumeek ez zuten ilea solte eramaten, konnotazio lizun eta sexualak zituelako.
• India. Gazteek ilea erabat mozten zuten adinez nagusi zirela adierazteko.
• Herri musulmanak. Turbantea, besteak beste, gizontasunaren ikur gisa erabiltzen da.
• Orinoko-Amazonak. Gizon eta emakumeek ile orrazkera berbera eraman izan dute.
• Txina. Emakumeek ezkontzean mototsa eraman izan dute, eta berriz ezkondu nahi ez zuten alargunek ilea guztiz motz.