Ilaski Serranok eta Antton Telleriak aurkeztuko dute irailean hasiko den 'Mihiluze' saioa

Azken asteetan Mihiluze ETB1era itzuliko dela iragartzen duen bideoa zabaldu dute, eta Kike Amonarriz ordezkatzeko beste aurkezle baten bila zebiltzala azaldu dute umoretsu, casting-a irudikatuz. Azkenik, argitu dute nor arituko den Ilaski Serranorekin batera saioa aurkezten irailetik aurrera: Antton Telleria. EITB-k adierazi duenez, "lehiaketak euskara eta umorea ditu ardatz, eta Mihiluzeko bi aurpegiek ondo baino hobeto islatzen dute saioaren izaera hori".
Amonarriz eta Telleria tolosarrak dira biak eta azken honek honako mezu hau zabaldu du Twitterren: "Umea nintzela oporraldi asko pasa genituen elkarrekin. Hamakan jarrita, liburuak fosforitoz markatzen aritzen zen. Uretatik harrituta begiratzen nion nik. Apunte haiei esker sortu zuen saioa aurkezteko lekukoa eman dit orain. Hamaka ikusteko jaio gara. Milesker Kike". Amonarrizek ere erantzun dio aurkezle tolosarrari: "Niri ere sekulako ilusioa eragiten dit Mihiluze itzultzeak, eta lekukoa uretatik harrituta begiratzen ninduen mutiko hari pasatzeak. Bikote bikaina egiten duzue Ilaski Serranok eta hik. Ederki pasa behar diagu zuekin! Zorterik onena konpai!".
Ilaski Serranok eta Antton Telleriak gidatuko dute, beraz, bederatzi urteko etenaldiaren ondoren, irailean itzuliko den Mihiluze saio ezaguna. Eraberrituta bueltatuko dela azaldu dute arduradunek, baina "orduko arima galdu gabe", mantendu egingo baitituzte Tribuaren berbak, Eroglifikoak eta Zazpikiak atalak, besteak beste.
Dena den, berrikuntzak ere izango direla aurreratu dute, tartean saioaren irudia, bai grafismo eta bai platoaren itxuraren aldetik. Lehiakideen mahaiak presentzia handiagoa izango du, eta zenbait proba pantailan ikusiko dira. Bestalde, probei dagokienez, finalaurrekoan sokatira proban arituko dira bi bikoteak, buruz buru. Sokari tiraka, aurkariek baino galdera gehiago asmatu beharko dituzte.
Saioa, uda ostean, astelehenetik ostegunera ikusi ahal izango da, 21:30etik aurrera, ETB1en, eitb.eus-en eta EITB Nahieran-en.
Parte-hartzaile bila
Hasiak dira saioa grabatzen eta lehiaketan parte hartu nahi duten bikoteek mihiluze@orioprodukzioak.eus helbidean edo 660 991 766 telefono zenbakira deituta edo WhatsApp bidez eman beharko dute izena. Iparraldeko eta Nafarroako lehiakideen premia dutela adierazi dute sare sozialetan.