'Ilargirantz' animaziozko filma estreinatuko da bihar euskaraz

'Ilargirantz' animaziozko filma estreinatuko da bihar euskaraz Bahitutako arrebaren bila, mutiko batek ilargira egingo duen bidaia magikoa du ardatz filmak. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/ilargirantz-animaziozko-filma-estreinatuko-da-bihar-euskaraz/@@download/image/ilagirantz irudi.png
2022/01/13

Testua: Maitane Legarreta Etxezarreta
@mailegetx

Bahitutako arrebaren bila, mutiko batek ilargira egingo duen bidaia magikoa du ardatz filmak.
'Ilargirantz' animaziozko filma estreinatuko da bihar euskaraz

Zineuskadik sustatzen duen Zinema Euskaraz programaren baitan, Ali Samadi Ahadi zuzendariaren Ilargirantz filma euskaraz ikusi ahal izango da hainbat zinema-aretotan bihartik aurrera. Egitasmo honen barruan aurten estreinatuko den lehen film luzea izango da hau. 

Bahitutako Anne arreba txikia erreskatatzeko, Peterrek bidaia magiko bati ekin beharko dio lurralde misteriotsu den ilargian barrena. Ilargiko Gizon gaiztoak bahitu du Anne, azken hau bere lagun kakarraldoari, Zoomeman jaunari, emaztea bilatzen laguntzen ari zitzaionean. Larre izartsuan lurreratuko da Peter, eta "lo dagoen" Hareaztatzaile jauna ezagutuko du. Bertan jakingo du Anne non dagoen aurkitzeko modu bakarra Gaueko Maitagarriaren afarira joatea dela, Hodeietak Jauregian. Baina hango mahaian ez dago guztientzako eserlekurik. Eta hala, Naturako bost espirituekin lehiatu beharko du: Erraldoi Ekaiztsua, Txinparta Sorgina, Henry Kazkabar, Robin Zaparrada eta Ama Antzigarra.

Alemaniako ekoizpena da, publiko guztiari zuzendua. Ali Samadi Ahadi-k zuzendu du filma, eta gidoia ere berak idatzi du Arne Nolting-ekin batera, Gerdt von Bassewitz-en istorioan oinarrituta. 85 minutuko iraupena du ikus-entzunezkoak.

Sarreren zozketa
Ilargirantz filmaren estreinaldiaren harira, EITBren 3 klubak filma ikusteko aukera emango die hamalau kideri. Bina sarrera bikoitz zozkatuko dituzte pelikula honako zinema-areto hauetan ikusteko, adostutako egun eta orduetan: Bilboko GOLEM Alhondigan eta Multicines 7 aretoan, Donostiako Principen, Durangoko Zugaza zineman, Errenteriako Niessen zinemetan, Getxoko Getxo Zinemak zinemetan eta Iruñeko GOLEM La Morean. Hemen har daiteke parte.