Ilargi Agirre & Miren Narbaiza 'Perlak'

Ilargi Agirre & Miren Narbaiza 'Perlak' https://www.gaztezulo.eus/albisteak/ilargi-agirre-amp-miren-narbaiza-perlak/@@download/image/estudioan_perla_1460365200.jpg
2016/04/13
erreportajea
Taldearen izena: Perlak.
Herria: Zarautz.
Taldekideak: Maite Perla, Patxi Perla, Ilargi Perla eta Miren Perla.
Diskoaren izena: Zehazteke.
Estiloa: Post punk.  
Diskoaren argitaratze data: Maiatza.
Estudioa: Gaua.
Teknikaria: Aitor Abio.
Masterizazioa: Jon Asier Zubelzu.

Perlak taldearen berria perla bat izango da?
Disko berria aurrekoaren tankerakoa izan arren, urrunago joaten saiatu gara. Abesti ilun asko, malenkonia puntu bat, baina indarra eta intentsitatea ere aurkituko ditu entzuleak.

‘Perlatu’ al duzue?
Bai, saiatu gara. Badaude zenbait kanta ohikoak baino azkarragoak eta zaratatsuagoak. Gure estilotik gehiegi aldendu gabe, kanta borobilagoak atera zaizkigula uste dugu. Baina ezin jakin azken emaitza entzun arte.

Perla bereziren batek kolaboratu du?
Oihane Abarrategi talde kide ohiak kantatuko du berak konposatutako abestia. Ilusio berezia egiten digu Oihanek bere ahotsa jartzea, oraindik ere Perlak familia kidea delako eta bostok elkartuko garelako kantu horretan. Horrez gain, Maite Arroitajauregik (Mursego) ere parte hartuko du beste kanta batean.

Gustura daude Perlak estudioan?
Bai. Grabaketaz aparte, estudioan bertan ematen dugu aste osoa, nahiago dugulako mundutik deskonektatu eta diskoan kontzentratu. Astebeteko elkarbizitza hori oso aberasgarria da taldearentzat. Bestetik, instrumentuak banan-banan grabatzen joaten gara, oinarritik (bateria, baxua) gitarra, teklatu eta ahotsetaraino. Bukaeran konponketak datoz.

Perfekzionistak dira Perlak?
Normala den bezala toma onenaren bila ibiltzen gara beti, baina ez gara obsesionatzen ere.

Perlak oskolaren barruan ixten diren bezala, kantak itxita al daude?

Ez, ez ditugu erabat itxitak izaten. Kantuak eginak eduki arren, beti sortzen dira konponketa berriak eta momentuko aldaketak. Horregatik, ikuspegi ireki batekin joaten saiatzen gara. 

Noiz aterako da Perla txirlatik?

Ondo bidean, diskoa maiatza bukaerarako kaleratu nahiko genuke. Baina gure tenpoa kontuan izanik, Durangoko Azokarako aterako dugu agian... Kar, kar, kar!

Nork edertuko du Perla?
Andy Warholi eskatu nahi diogu diskoran alde grafikoaz arduratzeko, baina ez dakigu zer erantzungo digun...

Non erakutsi nahi duzue Perla?
Pagoetako zelai berdeetan, alboan akelarre batean behiak pozik eta libre inguruan saltoka ditugula (kar, kar, kar). Giro horretan oso gustura sentituko ginateke.

Kontatzeko perlarik?

Asko! Nolabaiteko joera dugu joaten garen lekuetan gauzak ahaztuta uzteko. Gernikan adibidez, gitarra bat, orrazi bat eta lo zaku bat ahaztu ditugu azkenengoan. Eta aldi berean, gureak ez diren hainbat gauza agertzen zaizkigu furgonetan.
Horrez gain, hamabi ordu grabatzen egoteak bere albo-kalteak ditu. Bart gauean esaterako, letxuga askeen plataforma sortu genuen, negutegi ilunetako plastikoetatik aske bizitzeko eskubidearen aldekoa. Halako elkarrizketa zoroak sortzen dira afaltzen ari garela.