Ikuspegi transfeminista itzulpengintzan txertatzeari buruzko ikastaroa egingo dute Bilbon eta Donostian
EIZIEk Itzulpena ez da neutrala, itzultzailea ere ez. Ikuspegi transfeministak itzulpengintzan txertatzeaz izenburu duen ikastaroa antolatu du Donostian eta Bilbon, urrian.
Ikastaroa kezka jakin batetik abiatzen da: "Euskarak ez du, hitanoko formetan eta lexikoko hitz batzuetan salbu, genero-bereizketarik egiten, eta, ondorioz, erraz saihestu ditzake gaztelaniaz edo frantsesez sortzen diren hainbat eta hainbat arazo. Alabaina, euskaraz idazten edo euskarara itzultzen dugun profesionalok antzeko beste hamaika gatazkarekin egiten dugu topo egunero. Zer egin, esaterako, erdaraz genero jakin bat daukan hitz bat euskarara ekartzean, generoa markatu ala bere horretan utzi? Berdin jokatzen ote dugu genero markatu hori maskulinoa edo femeninoa denean? Ba ote dugu aski baliabide eta aski kontzientzia betiko bereizketa binarioetan erori gabe (seme-alaba, anai-arreba, aitona-amona) modu inklusiboago edo ez-binarioago batean itzultzeko?".
Honi lotuta, itzulpenak duen garrantzia eta funtzioa nabarmendu dute: "Itzulpena eraldaketarako eta borrokarako tresna izan daiteke. Itzultzailea zenbat eta kontzientziatuago egon hizkuntzaren erabilerak generoan, arrazan, klasean eta beste hainbat ezaugarritan izan ditzakeen ondorioez, eta zenbat eta zehatzago ezagutu bere ez-neutraltasun propioak, orduan eta prestatuago egongo da itzulpenaren bidez hainbat injustizia ez errepikatzeko; funtsean, bere itzulpen-jarduna aberastuko eta zabalduko du".

Ikastaroak bi saio izango ditu, eta zazpi orduko iraupena. Donostiakoa urriaren 8an eta 9an izango da, eta Bilbokoa urriaren 22an eta 23an, 16:00etatik 19:30era.
Mintegiaren lehenengo saioan, Danele Sarriugartek auzi hauen inguruko hainbat teoria eta gogoeta jorratuko ditu, eta, bigarren saioan, Aiora Jakak zenbait adibide eta ariketa praktiko ekarriko ditu, "partaide guztion artean eztabaidatuz ahalik eta irtenbide asebetegarrienak aurkitu ditzagun".
Izen-ematea gaur amaituko da, eta ikasle kopurua mugatua izango denez, EIZIEko kideek izango dute lehentasuna. Hemen eman behar da izena.
