Ikusmira Berriak deialdia ireki dute

Sei asteko egonaldia eskaintzen dute; izena emateko epea apirilaren 5a arte egongo da zabalik, eta azkar ibiltzea gomendatzen dizugu, iaz % 320 handitu baitzen jasotako proposamenen kopurua. Parte hartzaileek hainbat profesionalen eskutik aholkuak eta tailerrak jasoko dituzte: Sergio Oksman, John Paul Sniadecki, Oskar Alegría, Andrés Di Tella, Ada Solomon, Fernanda del Nido, Koldo Zuazua, Paz Lázaro (Berlinale) eta Carlo Chatrian (Locarnoko zinema-jaialdia).
Egonaldiaren bosgarren astean pitching saioa prestatzen dute, Donostia Zinemaldiaren esparruan, proiektua industriako profesionalei aurkezteko saioa. Egoiliarrek beren proiektuetan elkarlanean aritzeko interesa duten profesionalekin hitzorduak ezartzeko aukera izango dute, eta, gainera, Zinemaldiko emanaldietara eta industria-jardueretara joateko aukera izango dute.
Ikusmira Berriak programa Donostia 2016 Europako Kultur Hiriburuaren legatuaren parte da, eta 20.000 euroko diru-laguntza ematen du aukeratutako proiektuen artean banatzeko. Era berean, REC Grabaketa Estudioak bere zerbitzuak eskaintzen ditu sari gisa, film labur baten postprodukziorako (10.500 euroko balioa du) eta film luze baten postprodukziorako (35.000 euroko balioa du).
Ekainean jakinaraziko dute zein diren aukeratutako lau proiektuak.
Izena emateko prest? Egin klik!
