Ikusmenaren indar erotikoa

Ikusmenaren indar erotikoa https://www.gaztezulo.eus/albisteak/ikusmenaren-indar-erotikoa/@@download/image/2009946987ikusm_1362568372.jpg
2009/09/04
erreportajea
Nerea Sancho psikologoa eta Sexologoa.
Ikusmenak lotura estua du bizitza erotikoarekin. Begiekin ikusi egiten baitugu eta, beraz, sentitu edo sentiarazi. Zentzumena hobeto ezagututa, jolasteko eta gure mesedetara erabiltzeko, bizitza erotikoa askoz ere biziagoa izan daiteke.

Sarrailetatik, zirrikituetatik erdizka ikusitako eszena erotikoek hainbaten desioak piztu dituzte historian zehar eta, gortinen bidez, gure intimitatea babesten dugu kanpokoengandik. Argazkiak nahiz bideoak ere sortu ditugu gure fantasiak pizteko, baina baita oroitzapenak gorde eta gogora ekarri ahal izateko ere.

Gorputzen mugimenduak ikustea ahalbidetzen digu ikusmenak: aldakak kulunkatzen, zakila astintzen, haizeak ilea orrazten, ipurdiak dantzatzen… eta arropa zeharrargitsuen azpiko gorputzak imajina ditzakegu baita ere. Ikusmenari esker, era berean, koloreaz gozatzeko aukera dugu: janzkerarena, larruazalarena, ilearena…

Eguna eta gaua bereizteko gai gara, noski. Bada, argi iturriaren intentsitateak gure ingurua girotzen du eta azken honek eragin zuzena du gure sentikortasunean. Eguzkitan, ilargipean, kandelen argitan… ezberdin sentitzen dugu eta giro batek besteak baino gehiago kilikatzen gaitu; norberaren gustuen araberakoa da hori. Hortaz, hitzorduak ingurune ederretan egiteak, kasurik gehienetan, helburu erotikoak ditu.

Horrez gain, ezin ahaztu ikusmenik gabe ezingo genukeela idatzizko hizkuntza baliatu eta, beraz, ezinezkoa litzaigukeela mezu, gutun, poesia, txat edota sms bitartez seduzitzea.

Ikusmena, hezi daitekeen zentzumena
Begiaren ataletako bat begi-ninia da eta gustuko dugunaren aurrean handitu egiten da, argi gehiago jasoaz eta arreta bideratuz. Begien kolorea (irisak ematen diguna), bestalde, gure oinarrizko deskribapen fisikorako baliagarria da eta gure erakargarritasunaren elementu garrantzitsu bihur daiteke. Ez da huskeria, pertsona baten begiak behatuta bere sexua ezagutu dezakegu, salbuespenak egon badauden arren.

Adierazpide eraginkorra ere badira begiak, hainbat muskuluren laguntzarekin poza, gorrotoa, beldurra edo haserrea bezalako oinarrizko emozioak transmititu ditzakegu eta, baita maitasuna edo desioa bezalako emozio konplexuagoak ere. Begiradarekin laztandu egiten dugula esan dezakegu eta gure desira objektua ikusteak plazer handia ematen digu.

Ez da harritzekoa, beraz, kultura anitzek begiradak margoen bidez edo bestelako elementuak baliatuz edertu eta markatu izana. Gurean ere halaxe egiten dugu.

Betaurreko eta lentillekin, ikusmena areagotzeaz gain, gure begiak apaintzen ditugu. Eta makillajea ere bereziki begien inguruan kontzentratzen da, emakumeen erakargarritasuna sustatzeko estrategia nagusietako bat da, zalantzarik gabe.

Informazio bisuala (irudiak) ahozkoa baino azkarrago prozesatzen eta interpretatzen du giza garunak, eta jakina da gaur egun irudien aroan gaudela. Horrexegatik, modak emakumeen eta gizonen erakargarritasun sexualaren oinarri bisuala sustatzea bilatzen du: jantziak, ilea apaintzeko estiloak, bitxiak, tatuajeak, piercingak, gorputzeko biloaren distribuzioaren kontrola... guztiek bilatzen dute, modu batean edo bestean, edertasuna.  

Ikusmen urritasunak beste zentzumenak indarrarazten ditu eta guk joko erotikoen estrategia bilaka dezakegu hori. Gainontzeko zentzumenak nabarmentzeaz gain, konfiantzarekin eta beldurrarekin jolastuz, zirrara sentituko dugu.

PROBATU AL DUZU?



Batek agintzen du eta besteak agindutako guzti-guztia bete behar du, baina eskuak erabili gabe.

Kuleroak edota galtzontziloak hautsi, puskatu, moztu.


SEXESALDIA


Jose Ortega y Gassetek esana: “Badira mundura emakume bakar batez maitemintzera etorritako gizonak, baina ez dirudi topatuko dutenik”.

SEXEGUNA


Irailaren 15a: Prostata Osasunaren Europako Eguna.
Irailaren 23a: Emakumeen Esplotazio eta Salerostearen Aurkako Nazioarteko Eguna.
Irailaren 28a: Latinoamerikan eta Kariben Abortua Zigortzearen Aurkako Eguna.