Ikerketa baten arabera, nerabeek helduek baino gehiago sinesten dute konspirazio teorietan
Alta, Center for Countering Digital Hate (CCDH) irabazi asmorik gabeko erakundeak burututako ikerketa baten arabera, galdetegia pasa zitzaien 13-17 urte arteko gazteen %60 ados agertu zen gutxienez lau konspirazio teorirekin. Helduen kopurua %49koa izan zen. Lau ordu edo gehiago sare sozialetan igarotzen zituzten nerabeen kasuan, kopurua %69koa izan zen.
Ikerketaren emaitzak eskuratzeko 1.000 heldu baino gehiagori eta 13-17 urte bitarteko 1.000 nerabe baino gehiagori pasa zitzaien galdeketa. Bertan, sare sozialen inguruan eta hauen eraginari buruz galdetu zen. Horretaz gain, desinformazioaren kategorian sartzen ziren zenbait adierazpenekin ados zeuden ala ez ere galdetu zitzaien. Txertoen aurkako baieztapena, antisemitismoa edo Covidaren inguruko desinformazioa zeuden gaien artean. "Aurreko belaunaldiek sortutako gaitz guztietatik gazteek salbatuko gaituzten aurrejuzgua dago", baieztatu du Imran Ahmed-ek, CCDH erakundearen zuzendari orokorrak. "Emaitza hauek abisua dira: gazte hauek sinesmen hauek mantentzen badituzte, etorkizunean, gure demokrazia eta baloreak arriskuan daude", gehitu du.
Txoste honekin alarma piztu nahi izan du erakundeak, erakutsiz gazteen artean sare sozialek eragin ditzaketen kalteak. Gero eta informazio gehiago dugu osasun mentalean sare sozialen duten eragin ezkorrez, baina Ahmed-en esanetan, "ikerketa berri honek argi utzi du sare sozialen inpaktua norberaren osasun mentaletik haratago doala eta gizarteari arazoak eragiten dizkiola desinformazioa eta gorrotoa zabalduz".
Belaunaldi gazteenek sare sozialetara jotzen dute informatzeko. Google-ek berriki argitaratu dituen datuen arabera, Z belaunaldikoen %40k ohiko bilatzaileak baino nahiago ditu TikTok edo Instagram plataformak. 2022ko ikerketa baten arabera, Z belaunaldikoen %50ak sare sozialetara jotzen du eguneroko albisteen berri izateko eta %5ak bakarrik irakurtzen ditu egunkariak.
