Ikerketa batek frogatu du gure bizitzaren zati gehiena bakardadean igarotzen dugula

Honezkero hamaika aldiz entzuna izango duzu zaindu behar den benetako harremana norbere buruarekin duguna dela. Beharbada, orain dela 200.000 milioi urte, tribuetan, eguneko 24 orduak beste kideekin partekatzen genituenean, ez zen horren beharrezkoa izango hori. Egun ordea, oso gomendagarria da norbere burua ezagutu eta zaintzea. Izan ere, onerako ala txarrerako, Flowing erakundeak burutu duen galdetegi batek erakutsi du bizitzako momenturik gehienak bakarrik igarotzen ditugula. Beharbada isolamendu erabatekoan edota ezezagunez inguratuta, baina bakarrik finean.
Ez du axola zure bizitzako zein momentutan zauden, adin guztietan, etapa guztietan, bakarrik egon ohi gara askotan, baita beste pertsonen alboan ere. Alabaina, bakardade momentuen proportzioa aldatuz doa etapa ezberdinetan. Jaiotzen garenean gure denbora ia osoa gurasoekin pasa ohi dugu edo beste autoritate pertsona batekin, gure zaintzaz arduratzen baitira. Urteak aurrera joan ahala ordea, bakardade momentuak areagotu egiten dira. 25 urtera arteko bizitza-etapa lagunik gehien dugun sasoia izan ohi da eta eurekin plan ugari burutzen ditugu. Lagunak oso gertuko sentitu ohi ditugu, baina sentimendu horrek ez du betiko iraungo, beraz, aprobetxatu!
30 urte ingurura hurbildu ahala, ohikoagoa da norbere bikotekidearekin denbora gehiago igarotzea. 40 urteren bueltan, berriz, senar-emazte eta seme-alabekin -izanez gero behintzat- igaro ohi dugu denbora gehiena. Baina argi dagoena da, senar-emazterik edo haurrik eduki ez arren, ohikoena dela adin-tarte horretan lagunak bigarren planoan uztea. Ez norbere nahia delako, baizik eta lagunak ere euren bizitza propioetan murgilduta egoten direlako. Horregatik, saiakera handiagoak egin behar dira laguntasun konpromisoak bizirik mantentzeko. Ulergarria da lehentasunak aldatzea, baina lagunen sarea sekulako babesa da eta pena litzateke galtzea. Lehentasuna jada ez da izango parrandan ateratzea, baina bai, ordea, konfiantza eta aholkuak eurengan bilatzea.
50 urtetatik aurrera bakardadea sekula baino nabarmenago bilakatzen da. Lagun asko bidean galdu ditugu eta beste batzuk agian jada ez daude gure artean, urteak pilatu ahala ezbeharrak gertatzeko aukerak ere gehitu egiten baitira. Seme-alabak eduki dituzunetakoa bazara, gainera, jada, ziurrenik, euren bizitza propioak dituzte... eta zure bikoteak zure alboan jarraitu lezake ala ez. Horregatik, bakarrik igarotzen dugun denbora hazi egiten da adin-tarte honetan. Gainera, bilatu gabeko bakardadea izan ohi da askotan. Ezinbestekoa izango da, beraz, bakardadearen putzu sakonetan harrapatua ez geratzeko sozializatzen saiatzea, bizitzako etapa guztiak izan bailitezke gozagarriak.