IkerGazteren biltzarra Baionan

IkerGazteren biltzarra Baionan Zita maiatzean izango da; ikertzailea bazara, ezin duzu galdu! https://www.gaztezulo.eus/albisteak/ikergazteren-biltzarra-baionan/@@download/image/fotonoticia_20190117125937_640.jpg
2019/01/18
berria
Zita maiatzean izango da; ikertzailea bazara, ezin duzu galdu!
IkerGazteren biltzarra Baionan

Udako Euskal Unibertsitateak (UEU) eta Iker zentroak 'IkerGazte: Nazioarteko ikerketa euskaraz' biltzarra antolatuko dute elkarlanean, Baionan. Proiektuaren helburua da ikertzaile euskaldunen ikusgarritasuna areagotzea, beraien arteko ezagutza sustatzea eta euskarazko zientzia produkzioa areagotzea.

UEUk eta Iker zentroak biltzarraren inguruko hitzarmena sinatu dute ostegun honetan, Baionan. Biltzarraren hirugarren edizioa Baionan bertan egingo da, maiatzaren 27, 28 eta 29an, eta ekarpenak bidaltzeko epea otsailaren 22ra arte irekita dago.

Kepa Sarasola UEUko zuzendariak, Urtzi Etxeberria Iker zentroko zuzendariak, Philippe Zavoli Paueko Unibertsitateko Baionako campuseko dekanoak, Miren Josu Omaetxebarria biltzarreko arduradunak eta Pauline Guelle ikertzaile gazteak parte hartu dute aurkezpenean.

Bost jakintza alorretan jarriko da arreta: Giza zientziak (Historia, Hizkuntzalaritza, Filosofia, Artea, Antropologia), Gizarte zientziak (Ekonomia, Enpresa, Zuzenbidea, Soziologia, Kazetaritza, Komunikazioa, Pedagogia, Psikologia), Zientzia zehatzak eta Natur zientziak (Fisika, Kimika, Geologia, Matematika, Biologia), Ingeniaritza eta Arkitektura (Industria Ingeniaritza, Telekomunikazioak, Informatika, Arkitektura) eta Osasuna (Medikuntza, Erizaintza, Farmazia).

Hitzaldiak, aurkezpenak eta posterrak

Biltzarrak hiru alderdi izango ditu. Alde batetik, hitzaldi orokorrak parte hartzaile guztien interesekoak izango dira, ikertzaile orokor edo euskarazko ikertzaileei, edota baliabide orokorrei lotuta.

Bestalde, ahozko aurkezpenak eta posterrak egingo dira ikerlari gazteek aurkeztutako ekarpenak azaltzeko. Bertan, tesiak eta tesinak (bukatuak zein bidean daudenak), bukatutako proiektuak (emaitza zehatzak dituztenak) eta ondorengo ikerkuntzan landuko diren proiektuak (doktoretza osteko ikerkuntza) aurkeztuko dira.

Bilkura ez espezializatua izanik, ez da testu edo aurkezpen espezializaturik eskatuko. Aipaturiko bost jakintza arloetan banatutako aurkezpenak izango dira, aldi berean antolatuko direnak. Ahozko eta posterretako programa arlokako batzordeek erabakiko dute.

Hirugarrenik, lantegiak egingo dira, jakintza arloen arteko harremanak lantzeko tresna modura. Mahai inguru, ekintza praktiko zein hitzaldi motakoak izango dira.

Kepa Sarasolak UEUrentzat egitasmo honek duen garrantzia azpimarratu du. Gainera, IkerGazte aurten Baionan egitea erakundearentzat «erronka» dela nabarmen du du, eta «horri ekiteko gogotsu» daudela. «Ipar Euskal Herrian sortu zen UEU eta IkerGazte bezalako proiektu handia bertan egitea hasieratik buruan genuen», ziurtatu du.

Era berean, Urtzi Etxeberriak ere biltzarraren garrantzia nabarmendu: «Iker laborategiarentzat, Errobiko campusarentzat, Pabeko eta Aturriko Herrialdeetako Unibertsitatearentzat, Baionarentzat eta, orokorrean Iparralde osoarentzat eta Akitaniarentzat, oso berri pozgarria, ona eta onuragarria da IkerGazte 2019 bertan ospatzea».

ARTIKULU HAU GUSTATU BAZAIZU:

IKERGAZTE MARTXAN!

Zabaldu dute #Ikergazte2019! Otsailaren 22ra arte egongo da ikerketa lanak bidaltzeko epea zabalik. Animatu! JARRAITU IRAKURTZEN...