Ikerbasquek hogei zientzialari gazte kontratatzeko deialdia egin du

Ikerbasquek hogei zientzialari gazte kontratatzeko deialdia egin du Hiru eta hamar urte arteko eskarmentua duten mundu osoko ikertzaileek egin dezakete eskaera martxoaren 15era arte. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/ikerbasquek-hogei-zientzialari-gazte-kontratatzeko-deialdia-egin-du/@@download/image/ikerbasque-U30953782782hlB--624x385@Diario Vasco-DiarioVasco.jpg
2022/01/13

Testua: Maitane Legarreta Etxezarreta
@mailegetx

Hiru eta hamar urte arteko eskarmentua duten mundu osoko ikertzaileek egin dezakete eskaera martxoaren 15era arte.
Ikerbasquek hogei zientzialari gazte kontratatzeko deialdia egin du

Ikerbasque Zientziaren Euskal Fundazioak Research Fellow programaren deialdia egin berri du, goi-mailako ikertzaile gazteen harrobia sustatzeko asmoz.  Bi helburu ditu programak: alde batetik, atzerrian lanean dauden zientzialariak erakartzea, eta, bestetik, bertan ikertzen dihardutenei beren ibilbidea sendotzeko aukerak eskaintzea. Era berean, emakume ikertzaileen kontratazioa eta hemendik kanpo lanean ari diren euskal ikertzaile gazteen itzulera bultzatu nahi dute. Aurreko deialdietan 80 lagun kontratatu dituzte, 45 gizon eta 35 emakume, eta oraingoan beste 20 izango dira.

Ezagutza arlo guztietako eta hiru eta hamar urte arteko eskarmentua duten mundu osoko ikertzaileek aurkez ditzakete beren eskaerak Ikerbasque Fundazioaren webgunearen bidez martxoaren 15era arte. Plazetara aurkezten diren ikertzaile guztien nazioarteko ebaluazio-prozesu sakona egingo dute, Europako Batzordearen irizpideen arabera.

Bost urterako lanpostuak eskaintzen dituzte; azken urtean ikertzaileak ebaluatu egingo dituzte, eta toki iraunkorrak lortzeko aukera izango dute. Aukeratutako zientzialariek Euskadiko unibertsitate eta ikerketa zentroetan eta jakintza arlo guztietan egingo dute lan, bai zientzia esperimentaletan (biologia, kimika eta fisika), eta baita medikuntza, matematika, ingeniaritza, gizarte zientzia eta giza zientzietan ere.

Ikerbasquek hurrengo lau urteetan 100 ikertzaile kontratatzeko asmoa dauka, horietatik 36 Europako Batzordeak finantzatuta. Eusko Jaurlaritzak ere laguntzen du programa.