Iker Lauroba eta Beste Urtaroak, Anari, eta Xabier Crehuet izango dira, besteak beste, Ordiziako Aftersun jaialdian
"Eguzki asko hartu duzue udan? Guk emango dizuegu krema", aipatu du Aftersun jaialdiaren antolatzailea den Ordiziarrock taldeak. Izan ere, haur zein helduei zuzendutako egitarau betea prestatu dute biharko, Ordiziako Oiangu parkean.
Eguerdiko hamabi eta erdietan hasiko dute jaialdia, DJ Jon Ritterrekin. Ordubete geroago, Xabier Crehuet kantautore ordiziarra arituko da, eta jarraian disc-jockeyaren txanda izango da berriz. Lauretan, Iker Lauroba eta Beste Urtaroak igoko da oholtzara, eta bostetan DJ Jon Ritter izango da musika jartzen. Anarik eskainiko du kontzertua bost eta erdietan, eta, ondoren, DJ Monky Man arituko da. Yatzek hartuko du lekukoa zazpietan eta DJ Monky Manek itxiko du egitaraua.
Energia berriztagarrien erabilera ardatz hartuta egiten den kultur ekitaldia da Aftersun, kontzertuak eguzki-izpien energiak sortutako argindarrarekin egiten baitira.
Musikaz gain, itsas-zaborren inguruko Plastic War hitzaldi interaktiboak egingo dituzte egunean zehar. Lau saio antolatu dituzte: 13:00etan, 14:30ean, 15:30ean, eta 17:00etan. Bestalde, parapente erakustaldia izango da eta globo aerostatikoan bidaiatxoa egiteko aukera ere egongo da.
Jan-edana ere izango dela aurreratu du Ordiziarrockek, Earra eta Kroketxearekin.

