Iker Goenaga: heldutasunerako bidean

Iker Goenaga: heldutasunerako bidean https://www.gaztezulo.eus/albisteak/iker-goenaga-heldutasunerako-bidean/@@download/image/30p13-1.jpg
2003/05/02
erreportajea
Kalean da Iker Goenaga trikitilariaren bigarren lana, "Txikitxuterik". 28 urteko gazte zizurkildar honek herri musika eta modernitatea uztartu ditu diskoan.

Zortzi urte zituela hasi zen Iker Goenaga trikitixa jotzen. Bere maitalerik onenetakoa da, maitale fidela baita trikitixa, bidean uzten ez zaituen horietakoa. "Oso gertukoa dut. Gustura jotzen dut bakarrik nagoenean. Baita jendeaurrean ere. Dena dela, ez naiz une oro trikitixari itsatsita bizi den horietakoa", esan digu zizurkildarrak.

Hainbat talde eta musikari arrakastatsurekin aritutakoa da Iker: Mikel Laboa, Maixa eta Ixiar, Mikel Errazkin, Sorotan Bele…...

Beste trikitilari askok bezala, zizurkildarrak familian aurkitu zuen gustuko lehen bikotea, Larraitz arreba, alegia. Berarekin eta Maixa eta Ixiar bikotearekin batera, diskoa grabatu zuen 1993an. Ondoren, arreba musika bidetik aldendu zen bitartean, Ikerrek trikitixari eutsi dio.

Duela lau urte kaleratu zuen  gazte honek bakarkako lehen lana: "Soinugorri". "Musikari bakoitzak bere momentua du, eta bigarren planoan lanean gustura ari nintzen arren, lehen diskoa atera nuen", dio. Lehen disko hartan, trikitixa eta ahotsa ziren ardatz nagusiak.

Bigarren disko honetan, ordea,  urrunago joan nahi izan du Ikerrek, gitarra eta baxu elektrikoez, perkusioaz eta ahotsez lagunduta harilkatu baitira bertan trikitixa soinuak. "Soinu pertsonalaren bila ibili naiz. Oraingoan, talde sendoa osatu dut: Beñat Barandiaran, Iban Gurrutxaga, Mikel Atxega, Josu Gobellanes… Talde lanak garrantzi handia izan du, eta urtetako eskarmentuak musika ulertzeko modu berria eman dit", esan digu Iker Goenagak.

Ezbairik gabe, diskoa entzuterakoan zizurkildarra heldutasunerako bidean murgildu dela antzeman daiteke.

Elgetaren trikitixa

Bakarkako ibilbideaz gain, Oskorrirekin eta Erramun Martikorenarekin aritzen da gazte zizurkildarra. Horrez gain, trikitixa eta pandero eskolak ematen ditu.

Ikerren maitalea trikitixa dela esan dugu, eta ez du maitalez aldatzeko asmorik, markaz baizik, izan ere, Elgeta trikitilari entzutetsuaren trikitixa zaharra erosi eta konpontzeko bidean da Iker.