Iker de las Heras matematika-ikerlariak Reinhold Baer Saria lortu du

Iker de las Heras matematika-ikerlariak Reinhold Baer Saria lortu du Talde-teoriaren arloan mundu mailan ekarpen handiena egin duen matematikari gazteari ematen zaio saria. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/iker-de-las-heras-matematika-ikerlariak-reinhold-baer-saria-lortu-du/@@download/image/iker-de-las-heras_web.jpg
2022/11/28

Testua: Maitane Legarreta Etxezarreta
@mailegetx

Talde-teoriaren arloan mundu mailan ekarpen handiena egin duen matematikari gazteari ematen zaio saria.
Iker de las Heras matematika-ikerlariak Reinhold Baer Saria lortu du

Aljebra abstraktuko talde-teoriaren esparruan mundu mailan ekarpen handiena egin duen matematikari gazteari ematen zaion Reinhold Baer Saria, EHUko Matematika Saileko ikerlaria den Iker de las Herasek eskuratu du. Saria bi urtean behin ematen dute AGTA (Advances in Group Theory and Applications) irabazi asmorik gabeko elkarteak eta Aracne argitaletxeak. 

Zehazki, talde-teoriaren arloan, bi urteko epean (2020-2022) doktorego tesi onena defendatzea edo aldizkari zientifiko batean artikulu onena argitaratzea lortu duen pertsonak jasotzen du aitortza. De las Herasek Some topics on finite p-groups and pro-p groups tesia 2017 eta 2020 bitartean garatu zuen, Gustavo Adolfo Fernández Alcober EHUko irakasle eta ikertzailearen zuzendaritzapean.

Iker de las Herasek adierazi duenez, "oso pozik" dago, sari honek curriculumean "pisu handia" izango duelako: “Matematika hutsean, beste arlo askotan bezala, ez da batere erraza laguntzak lortzea, gure lana ez baita behar bezala baloratzen. Tamalez, instituzioek orokorrean, batez ere enpresa pribatuek, garrantzi handiegia ematen diote proiektuek izan dezaketen berehalako eragin ekonomikoari. Ez dakit nire ikerketa esparruak etorkizunean ekarpen ekonomikorik izango duen, nire proiektuen helburu nagusia ezagutza hutsa baita”. Sariak “oztopo hori gainditzen" lagunduko diola espero du. Gainera, epaimahaiak bere lana horrela baloratu izanak, "aurrera egiteko indar eta motibazio handia" eman diola aitortu du, eta sari hau "aukera ona dela EHUko matematikako ikasleak motibatzeko”.

Ikerlaria EHUko Matematika Departamentuko eta Groups and Geometry ikerketa taldeko kidea da duela bost urtetik. Bere ikerketa esparru nagusiak pro-p taldeak, p-talde finituak, hitzezko azpitaldeak eta Hausdorffen dimentsioa dira. Irakasle lanak ere egin izan ditu Gipuzkoako Ingeniaritza Eskolan, analisi matematikoa eta zenbakizko analisia irakasten. Orain, Alemanian dago, Düsseldorfeko Unibertsitatean, Eusko Jaurlaritzaren doktoratu ondoko beka batekin.