Iker Barandiaran: “Punk-ak eta hemengo 80ko hamarkadak asko dute komunean”

Iker Barandiaran: “Punk-ak eta hemengo 80ko hamarkadak asko dute komunean” https://www.gaztezulo.eus/albisteak/iker-barandiaran-punkak-eta-hemengo-80ko-hamarkadak-asko-dute-komunean/@@download/image/39p11-1_1368477852.jpg
2004/03/05
elkarrizketa
Ainhoa Irazu
"Hamar elkarrizketa" liburua argitaratu du Iker Barandiaran kazetari arrasatearrak. Euskal Herriko 80ko hamarkadako musika eztandan parte hartu zuten hamar pertsonen testigantza jaso du bertan. Putz aldizkarian plazaratutako elkarrizketak dira.

80ko hamarkadako musika mundua erretratatzen du zure liburuak. Beharrezkoa al zen horrelako zerbait?
Beharrezkoa ote den ez dakit. Gogo handiz egindako elkarrizketak dira, protagonistak oso interesgarriak dira, eta luze eta zabal hitz egiten dute. Sasoi horiek bizi zituztenek gustura irakurriko dute. Eta, gazteagoek 80ko hamarkadak eman zuena ezagutzeko aukera dute. Garai horiei buruzko liburu oso gutxi daude, are gutxiago elkarrizketez osatuak. Batzuek diote "Del txistu a la telecaster" ez dela liburu osatu bat, baina nik oso gustura irakurri nuen.

Pertsona ezagunekin solasaldiak izan dituzu. Zeinek hunkitu zaitu gehien?
Mahomarekin izan nuen hizketaldia oso-oso berezia izan zen, kristorena zen. Eskrotok ere txundituta utzi ninduen; bere bizkortasuna eta umorea... Eta beti ezkutuan ibili den Jabi Destruyek egindako lana ezagutzera emateak ere asko hunkitu ninduen.

Mahoma eta Eskroto duela gutxi joan ziren.
2003. urtea oso urte txarra izan da. Mahoma guk liburua egitea pentsatu aurretik hil zen. Eskrotok, berriz, liburua eskuartean izan zuen. Neronek eman nion Tijuanak Jam-en jo zuenean. Benetan berezia izan da biak ezagutzea.

Bederatzi gizon eta emakume bakarra. Emakumearen ahotsa, beraz, mugatua da zure liburuan.
Egia da emakumeen batez bestekoa liburuan oso txikia dela. Eskerrak agertzen dena, Belen Mijangos, nortasun handikoa den! Gai honi buelta asko eman dizkiot, baina ez da erraza musika munduan 80ko hamarkadan ibilera luzea izan duen emakumerik aurkitzea.

Nola islatzen da liburuan 80ko hamarkada?
Liburuan ez da solik punk-a agertzen, baina punk-ak eta Euskal Herriko 80ko hamarkadak badute asko komunean. Gauzak aldatzeko gogoa, inkonformismoa eta parte hartzaile izateko borondatea. Sasoi horretako espiritu apurtzailearen apurren bat gaur egunera ekartzea ez legoke gaizki!