Ikasturterako pisu bila

Ikasturterako pisu bila https://www.gaztezulo.eus/albisteak/ikasturterako-pisu-bila/@@download/image/33p25-on.jpg
2003/09/05
erreportajea
Ikasturterako pisu bila
Etxebizitza bila hasiak dira unibertsitariak ikasturteari begira. Pisu bat alokairuan hartu nahi baduzue, tentuz ibili beharko duzue, iruzurra izaten baita askotan. Hona hemen zenbait aholku, ziria sar ez diezazueten. 

Zuzenean jabearekin
Etxebizitza egunkarietako iragarkien bidez bila  daiteke, hau da, zuzenean jabearekin tratua eginda. Agentziaren bitartez egitea baino merkeagoa da, ez baita agentziaren zerbitzua ordaindu behar. Dena dela, kontratua sinatzea komeni da, xehetasun guztiak argi gera daitezen: noiz ordaindu behar den errenta, etxe osoko gastuak nork ordaindu behar dituen… 

Agentziaren bidez
Agentzia baten bidez bila ari bazarete, kontuan har ezazue hilabeteko errentaren antzeko kopurua ordaindu beharko diozuela agentziari, jasotako zerbitzuaren truke. Gainera, behin kontratua sinatuz gero arazoak sortzen badira, agentziak ez du inolako erantzukizunik bere gain hartuko; jabearekin konpondu beharko duzue, hortaz.

Etxearen egoera
Baietz esan baino lehen, begiratu ondo zer moduz dagoen etxebizitza: tresnek matxurarik ote duten, iturriak ondo dauden… Zerbait gaizki badago, jabeari esan eta eska iezaiozu kontratua sinatu aurretik guzti-guztia ondo konpontzeko.

Fidantzaren nondik-norakoak
Etxebizitza bat alokairuan hartzerakoan, gehienetan, fidantza ordaindu behar izaten da. Hilabeteko errentaren parekoa izan ohi da, eta pisua uzterakoan, matxurarik badago, hura konpontzeko erabiltzen da. Hala ere, jabeak ezin du fidantza eraikinean egin beharreko berritze lanak ordaintzeko erabili: teilatua, tutuak, eskailerak, aurrealdea… Eta etxebizitza uzterakoan matxurarik ez badago, ordaindutakoa oso-osorik bueltatu behar du. 

Gastuak eta zergak
Maizterrak kontsumitutakoa ordaindu beharko du: telefonoa, ura, argindarra, gasa… Estolda eta zabor bilketa zergak ere ordaindu beharko ditu. Etxebizitzaren gaineko zerga, berriz, jabeak ordaindu behar du.