Ikastolek eta Euskaltzaindiak 'Batasunaren bidean' giza katea egingo dute bihar, euskara batuari gorazarre egiteko
Orereta ikastolak sustatu du ekimena, eta ikastolen jai guztiek osatzen duten Ikastolak Herriari egitasmoak eta Euskaltzaindiak elkarlanean antolatu dute, "euskara batuak gure herriaren garapenean izan duen balioa azpimarratzeko eta euskara batuaren sorreran bultzatzaile izan zirenak oroitzeko".
Euskal Herriko osoko hainbat ikastolatako gazte eta nerabeek osatuko dute 8.226 metroko luzera izango duen giza katea, eta Errenteria, Pasaia era Donostiako hainbat kale eta plaza zeharkatuko ditu. Parte hartu nahi duen herritar orori bertaratzeko deia egin diote antolatzaileek.
Goizeko hamaiketan emango zaio hasiera giza kateari eta hamaika eta erdiak arte iraungo du. Une horretarako, bost gune egokituta izango dituzte antolatzaileek -Errenterian, Pasaian, eta Donostiako Herrera auzoan, Zurriola ikastolan eta Plaza Berrian- horietako bakoitzean euskara batuari gorazarre egiteko ekitaldi bana egiteko. Arratsaldeko 17:30ean, ekitaldi instituzionala egingo dute Errenteriako Udalaren Areto Nagusian. Bertan izango dira ekimenaren antolatzaileak, Ikastolak eta Euskaltzaindiko kideak, erakundeetako ordezkari eta hautetsiak eta euskalgintzako eragileak. Arratsaldeko ekitaldian ere euskara batuaren sustatzaileak omenduko dira.
Euskara batuaren sustatzaileak gogoan
Euskara Batuaren sorreran eta gorpuztean nabarmendutako hamabost pertsona oroituko dituzte: Koldo Mitxelena, Luis Villasante, Resurreccion Maria Azkue, Arantxa Urretabizkaia, Pierre Broussain, Henrike Knörr, Jose Maria Satrustegi, Arturo Campion, Julia Berrojalbiz, Gabriel Aresti, Xabier Kintana, Jean-Louis Davant, Raimundo Olabide, Jose Luis Alvarez Enparantza Txillardegi, eta Julene Azpeitia.
Hala ere, sustatzaileek azpimarratu duten moduan, "euskara batua gaur errealitate bada, askoz ere pertsona gehiagori esker izan da, eta horietako asko anonimoak dira. Beraz, esan dezakegu euskara batua herriak nahi izan duela, herriak sortu duela, eta herriak egin duela bere, erabileraren bidez. Gainera, ez dago euskara batuaren sorrera adierazten duen historiako une bakarra. Aitzitik, une asko izan dira, zein baino zein beharrezkoagoa, eta horiek guztiek osatzen duten continuum-a da giza kateak irudikatu nahi duena".
Aldi berean, euskara batuak herriari eman dion guztia da ekitaldiak balioan jarri nahi duena. "Euskarazko hezkuntza, komunikazioa, gizarte kohesioa edo euskal erakundeak, esaterako, ez lirateke gaur direnak izango euskara baturik ez bagenu. Euskara batuari esker gara, eta garelako dugu euskara batua", gaineratu dute egitasmoaren antolatzaileek.
