Ikasleen artean lagunarteko euskara sustatzeko ikerketa-ekintza aurkeztu dute

Ikasleen artean lagunarteko euskara sustatzeko ikerketa-ekintza aurkeztu dute Ikasleei hizkera informalak euskaraz garatzeko tresnak eta estrategiak emango zaizkie, eta hiru ikasturtetan garatuko da hamar ikastolatan. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/ikasleen-artean-lagunarteko-euskara-sustatzeko-ikerketa-ekintza-aurkeztu-dute/@@download/image/NagoreIpiña-MiriamUrkia-JoseLuisSukia.jpeg
2023/03/13
Ikasleei hizkera informalak euskaraz garatzeko tresnak eta estrategiak emango zaizkie, eta hiru ikasturtetan garatuko da hamar ikastolatan.
Ikasleen artean lagunarteko euskara sustatzeko ikerketa-ekintza aurkeztu dute

Euskal Herriko Ikastolen Elkarteak, Mondragon Unibertsitateko Humanitate eta Hezkuntza Fakultateak (HUHEZI) eta Euskaltzaindiak Arikala izeneko egitasmoa jarri dute martxan, ikasleen artean lagunarteko euskara sustatzeko erabiliko den ikerketa-ekintza. 

Hizkera informala gutxi aztertu dela eta, Arikalaren bidez, ikastetxeetako eremu formalean zein aisialdian "esku-hartze sistematizatu eta iraunkorrak" gauzatzeko material didaktikoa diseinatuko da. Ondoren, material hori inplementatu eta ikasleen arteko hizkuntza-ohituretan izan duen eragina aztertuko da. "Hartara, ikerketa honetatik ateratzen diren emaitzetatik abiatuta, etorkizunean materialak testuinguru berrietara eraman eta esku-hartzeen eragin esparruak handitzeko aukera izanen da", azaldu dute. 

2022-23 ikasturtean hasi eta hiru ikasturtetan zehar garatuko da egitasmoa Euskal Herri osoko hamar ikastolatan. 2022-23 ikasturtean LH4. mailan, 2023-2024an LH5. mailan eta 2024-2025an LH6. mailan. Honako ikastola hauek hartuko dute parte: Gipuzkoan, Haurtzaro eta Irura; Bizkaian, Abusu eta San Nicolas; Nafarroan, Jaso eta Lizarra; Araban, Assa eta Laudio; eta Ipar Euskal Herrian, Kimua eta Garaziko ikastola.