Ikasleekin lantzeko edukiak bilduko ditu Berria egunkariak

Irakasleek eta ikasleek egunkarietako artikuluak eta Interneteko informazioa sarri erabili arren, euskarazkoak topatzeko zailtasunak izaten dituztenez, Berria egunkariak Berria Ikasgela gunea jarri du martxan. Denentzat jarri dute eskura eta modu irekian, Egunero ikasten delako lelopean. Arazo guztiak ez dituela konponduko badakiten arren, "irakasle eta ikasleentzat helduleku" izatea du helburu, "euskaraz eta Euskal Herriko ikuspegitik sortutako gaur eta hemengo eduki gehiago izan ditzaten irakasleek eta ikasleek. Aktualitatetik abiatuta, eta ikasliburuetan eta beste baliabideetan dauden materialen osagarri gisa".
12 urtetik aurrerako ikasleekin arlo ugaritako gaiak eskolan lantzeko proposamenak egingo ditu webguneak. Abiapuntua Berria egunkarian argitaratutako artikuluak izango direla jakinarazi dute. Horiek egokitu eta moldatu egingo dituzte, ikasleekin lantzeko moduan. Laburpena izango dute testuek hasieran, ulermena errazte aldera, eta kontzepturik zailenek hiztegi gisako azalpena edukiko dute.
Norberak nahi duen artikulua edo gaia bilatu eta topatzeko erraztasunak ere eman nahi dituzte. Ikasgaiaren arabera miatu ahalko dira artikuluak, eta baita gaien arabera ere. Gainera, hitzen araberako bilaketa libre eta adimentsua egiteko aukera emango du.
Berria egunkariak adierazi duenez, pixkanaka neurtuko dute etorkizunean beste zer urrats egin litezkeen. Oraingoz, astero artikulu berriekin eguneratuko dute gunea, eta buletinean izena ematen duten irakasleei mezu elektronikoa bidaliko diete astero, berrikuntzak jakinarazteko. Foroa ere izango da, edukien gaineko ekarpenak egiteko.
Irakasleentzako aurkezpena
Azaroaren 3an irakasleei aurkezteko saioa egingo dute, streaming bidez. Arratsaldeko 17:30ean izango da, eta aurrez eman behar da izena.