Ikasle pisuak

Ikasle pisuak https://www.gaztezulo.eus/albisteak/ikasle-pisuak/@@download/image/4p16-1.jpg
2012/12/13
elkarrizketa
Edurne Begiristain


Ikasle pisu bat ezagututa, denak ezagutzen dituzula diote GAZTETXULOk galdetutako iturri fidagarriek. Klonikoak dira, denetan antzeko gauzak egiten dira, antzeko jendea topatzen duzu, antzeko zikinkeria aurkitzen duzu eta antzeko zerrikeriak jaten dituzu. Baina ikasle pisuak hitz batekin definitu beharko bagenitu, demokratikoak direla esango genuke. Ia dena adostasunez erabakitzen da zer erosi, telebistan zer ikusi, logelak nola banatu, ohe handiena nori egokitu, nork egin afaria, nork bazkaria, nork garbitu sukalde nazkagarria, nork komuna, sukaldea baino nazkarriagoa...
Pisu batean sartu bezain pronto zozketa egiten da, dena zozketatzen da, tonbola batean bezalaxe. Lehendabizi, logelak zozketatzen dira. Denek nahi izaten dute bistarik ederreneko gela, ohe bakarrekoa eta armairurik handiena duena. Hori egokitu ezean, beste batekin konpartitu behar da logela. Etxeko lanak ere banatzen dira, "eskakeatu" ohi direnek ohiturari euts ez diezaioten. Hori ekiditeko oso ohikoak dira koadrotxo batzuk aurkitzea orrialde batean, sukaldeko paretan jarrita, egunero bakoitzak zer egin edo garbitu behar duen argi eta garbi zehazten duen egutegia. Sukaldea eta komuna garbitzea izan ei da amorru handiena ematen duen etxeko lana, baina badaude zenbait trikimailu, ahalik eta gutxien garbitu ahal izateko. Esaterako, sutan albal papera jarriz gero, askoz olio gutxiago garbitu behar da gero.
Pisukideen artean zerbaitek eztabaida piztu badezake, hori sukaldearen edo janari-erosketaren inguruko kontuak dira. Janaria egiteko ere txandak izaten dira, eta hor norberaren gaitasuna eta gogoa neurtzen dira. Ez da harritzekoa egunero solomoa, arrautz frijituak edota "sopistant" ospetsua afaltzea. Horregatik oso gomendagarria da ostalaritza ikasten duen norbaitekin bizitzea. Bestela, afaria prestatu behar duenak, badakizue, besteen matraka ez jasateagatik, "Telepizza, esan?", eta kitto.
Bestalde, etxea txukun izatea garrantzitsua da oso, izan ere, ez dira oso pisu politak izaten. Oro har, zaharrak dira, altzairu kitch samar batzuez apaindurik, duela 40 urteko moketarekin eta alfonbrekin. Leihoetan landare lehor ziztrin batzuk aurkitzea ere arrunt askoa da. Hortaz, pisukideen esku dago etxea apaintzea. Eta hemen ere betiko kontua. Nesken geletan, Brad Pitten irudia, familia eta lagun eta etsai guzti-guztien argazki mordoa eta pelutxeren bat edo beste. Mutilenetan, zerbeza botila bilduma, Athleticen bufanda eta bestelako oroigarri intelektual-erromantikoak. Gelako hormak hutsik dituen alferrontzia ere ez da falta izaten, mutila, jakina.
Baina, aipatu kontu horiek guztiek badute alde ona, pisukideen artean giro ona lortzen baita. Azterketa sasoi ona da guztien arteko elkartasuna adierazteko. Gaueko ikasleak txuletoi-xerra egile bilakatzen dira goizean. Une honetan guztien laguntza estimatzen baita berrogei orrialdeko ikasgaia 2 x 3 zm-tako paper puxketan laburtzeko! 

Lau pisukide



Intelektuala. Eguna argitu baino lehen jaikitzen da, gainontzekoen zurrunken artean. Aurreko gauean ikasitakoa berriro begiratu nahi du, azterketa hiru hilabete barru izango den arren. Egun santu osoa pasatzen du apunte artean, etxean, fakultatean, liburutegian edo kafetegian... Eta apunte artean ez dagoenean, liburuak edo erosi ohi dituen lau egunkarietako bat irakurtzen ditu. Zineaz ere badaki, noski, eta pisukideak asper-asper eginda daude Kazajastan-go zinearen azken produktuei buruzko bakarrizketez.
Parrandazalea. Arratsaldeko 15.00ak aldera esnatzen denean, ohetik jaiki eta alkohol usaina dutxa gozo batez gainetik kendu baino lehen, pentsamendu bakarra du buruan: norekin aterako naiz gaur gauean parrandan? Ia beti topatzen du bere kastakoren bat. Aurrekontu handirik ez duenez, parrandan atera baino lehen, zurrutari ematen dio etxean. Benetako aditua da lau sosekin mota guztietako alkoholak kopuru izugarrietan erosten. Oso marka bereziak ekarri ohi ditu etxera supermerkatutik: "Jon ibiltaria" whiskya,  "Done Mikel" zerbeza, "Sanz" patxarana...
Alferra. Ohea bere gorputz atalik garrantzitsuena da. Batzuetan maindireak bizkarrean itsasita dituela jaikitzen da. Bi zaletasun ditu. Bata, telebistan txumutxuei buruzko saioak, B serieko film mordoa, animaliei buruzko dokumentalak edo futbol partidak ikustea. Bigarrena, bere gela hankaz gora jartzea. Nahita ere, inork ez luke horrelako nahaste-borrasterik lortuko. Pisukide batek dioenez, behin hartza bat topatu zuen bere gelan.
Maitemindua. Edo besterik gabe, sexuzalea. Honek ere oso harreman estua du ohearekin, baina bestelako zereginetarako erabiltzen du. Ikasturtea hasi zenetik, pisukideek pare bat alditan baino ez diote aurpegia ikusi. Edo aurpegiak, gure lagunak bi buru, bi aurpegi baititu. Izan ere, bi pisukide dira, siamesak, neska bata, mutila bestea. Eta istorioa bitxia da, denak pisura sartu zirenean, ez baitzegoen siamesarik. Ondoren jaio omen zen bestea. Logelan sartzen direnean sekulako oihu arraroak egin ohi dituzte, ondo pasatzen ei dute. Besteek ez dute oso argi oraindik zer den zalaparta madarikatua.