Ika Mizka zirkuitua hasi da!

Ika Mizka zirkuitua hasi da! https://www.gaztezulo.eus/albisteak/ika-mizka-zirkuitua-hasi-da/@@download/image/captura_de_pant_1414670464.png
2014/10/30
berria
Gaur, urriak 30, Ika Mizka 2014 zirkuituaren lehenengo geraldia egin dugu Oñatin. Mahai-inguruetan Mondragon Unibertsitateko Enpresagintza fakultatean ikasten duten gazteek hainbat pertsona ezagunekin partekatu dituzte euskararen inguruko gogoetak.

Ikasleekin batera ondokoak izan dira mahai-inguruetan: Kepa Errasti aktorea, Ines Osinaga eta Osoron Gose musika taldeko kideak, Amaia Txintxurreta kazetari eta aurkezlea, 
Arantzazu Lagunilla Arteman Komunikazio taldeko kidea, Axlor Elortza Uzei Termonologia eta Lexikografia Zentroko kidea eta Mariasun Pagoaga aktorea. Erakundeetako ordezkariak ere hurbildu dira, tartean, Mikel Biain, Oñatiko alkatea, Nerea Zubia, Oñatiko Euskara eta Kultura zinegotzia eta Zigor Etxeburua, Gipuzkoako Foru Aldundiko Euskara Zuzendaria.

Eguraldi ezinhobea egin du, eta gazteak gogotsu etorri dira Oñatira Ika Mizka 2014 zirkuituaren lehenengo saiora. Nerea Alias aurkezlea gidari, 10:00etan eman diote hasiera gogoetarako pizgarri den iritzi aldaketari. 12:30ak bitartean izan dira, zizka-mizka artean, zortzi bat lagunek osatutako taldeetan kontu kontari. Gai interesgarri bezain korapilatsuak jarri dituzte mahai-gainean; enpresa munduarekin lotutakoak nagusiki, baina bestelako alorretan ere eguneroko bizitzan euskaraz aritzeko dituzten zailtasunak, beren hautuak, inguruan dituztenen jarrerak, sentimenduak, esperientziak… guztia partekatu eta eztabaidatzeko.

Parte hartu dutenenen hitzetan, esperientzia aberasgarria izan da, eta enpresa munduan euskarak duen lekuari buruz ordura arte kontuan izan ez dituzten hainbat ikuspegiren berri izatea baliagarri ikusi dute.

12:30ak inguruan amaitu dituzte mahai-inguruak, eta segidan Twitter bidez #IkaMizkaMU traola erabilita euren mezuak zabaldu dituztenen artean GAZTEZULO produktuen bi sorta zozketatu dira. Ekitaldiari amaiera emateko, Goreti Abaunzek eta Uxue Guridik osatutako bikoteak hainbat abesti kantatu dituzte zuzenean.



Bigarren saioa, azaroaren 13an


Azaroaren 13an egingo dugu Ika Mizka 2014 zirkuituaren bigarren geraldia. Donostian izango da, bertan Deustuko Unibertsitateak daukan Komunikazio Fakultatean. Oraindik gehiegi aurreratu ezin dugun arren, pertsonaia oso interesgarriek hartuko dute parte bertan. Beraz, adi egon, eta zuk ere bertan izan nahi baduzu, eman izena lotura honetan.