II. Udako Ilunabar Akustikoak Lizarra kanpinean

II. Udako Ilunabar Akustikoak Lizarra kanpinean Larunbatean hasi eta abuztuaren 28ra bitarte kontzertuak izango dira zapaturo igerilekuko belardian. Julen Basterra izango da lehena eta ondoren Trikidantz, Patxuko Nice, Esanezin eta Bi Bemol arituko dira, besteak beste. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/ii-udako-ilunabar-akustikoak-lizarra-kanpinean/@@download/image/trikidantz.png
2021/07/15

Testua: Maitane Legarreta Etxezarreta
@mailegetx

Larunbatean hasi eta abuztuaren 28ra bitarte kontzertuak izango dira zapaturo igerilekuko belardian. Julen Basterra izango da lehena eta ondoren Trikidantz, Patxuko Nice, Esanezin eta Bi Bemol arituko dira, besteak beste.
II. Udako Ilunabar Akustikoak Lizarra kanpinean

2020ko udan antolatu zuen lehen aldiz Udako Ilunabar Akustikoak kontzertu-sorta Lizarra Kanpinak. Bi helburu nagusi zituen: batetik, Covid-19 pandemia garaian kanpinera gerturatzen zirenei zerbait berezia eskaintzea, eta, bestetik, euskal musikariei aukera ematea euren artea ezagutzera eman zezaten, jakinda pandemiak ere gogor jo zuela kulturan eta musikariei kontzertuetarako aukerak asko mugatu zitzaizkiela.

Iazko "esperientzia aberasgarriaren" ondoren, aurtengoan apustua sendotu eta uda osoa kontzertuz bete nahi izan dute. Harrera onena izan zuten musikariei berriro etortzeko aukera eman diete eta kontzertuen egitaraua euskal bakarlari, bikote eta taldeekin osatu dute. Emanaldiak arratsaldeko seietan egingo dituzte igerilekuko belardian, oholtzarik gabe, "giro berezia sortzeko asmoz".

Ekainaren 27an eman zioten hasiera kontzertu sortari, Physys Versus Nomos talde donostiarraren eskutik. Uztailaren 3an Gorka eta Oraitz bikotea aritu zen euskal kantutegiari errepasoa emanez. Datorren larunbatetik aurrera, zapaturo musika emanaldi bat izango da igerilekuko belardian, baita bi ere pare bat asteburutan. 

Larunbatean Julen Basterra Lasarte-Oriako gitarra-jotzailea arituko da aurten argitaratutako Sorm3n diskoa aurkezten. Hurrengo asteburuan, hilak 24, Trikidantz talde nafarra izango da eta iaz kaleratutako Bizitzaz Goxatu laneko kantuak joko dituzte. Uztaileko azken egunean, berriz, Marmoka eta Patxuko Nice izango dira. Marmoka 2014. urtean sortutako Bidasoaldeko rock, pop eta punk taldea da. Patxuko Nice Sergio Ordoñez 'Patxuko' musikari eta bakarlari irundarraren proiektua da.

Abuztua musikaz blai
Datorren hilean ere ez da musikarik faltako Lizarra kanpinean. Abuztuaren 6an Ianire Aranzaberen Esanezin proiektua izango da bertan eta Aireratzen izeneko lehen diskoa aurkeztuko du. Hurrengo egunean, Jon & Katta arituko dira eta hainbat kanturen moldaketak eskainiko dituzte, estilo eta garai ezberdinetakoak. 

Abuztuaren 13an Howdy Bluegrass taldearen txanda izango da. Bluegrass estiloa dute oinarri baina Old-Time eta zeltiar doinuak ere uztartzen dituzte. Iaz argitaratu zuten lehen diskoa eta sarritan izan dira Lizarrako kanpinean jotzen. Biharamunean ere eurak arituko dira, beste lagun batzuekin batera, eta euskal kantuak eskainiko dituzte euren estiloan. Abesti ezagunak izango dira eta, beraz, kanpinlariek eurekin batera abesteko aukera izango dute hala nahi izanez gero.

Azken bi kontzertuetan emakumeak izango dira protagonista. Olaia musikari lesakarrak Errateko modu bat lana aurkeztuko du abuztuaren 21ean. Amaitzeko, abuztuaren 28an bi emakume oiartzuarrek osatutako Bi bemol taldea arituko da. Pianoa eta ahotsa baliatuz, oraingo eta lehengo bertsio akustiko bitxi eta bereziak eskainiko dituzte.