II. Euskararen Ginkana jarri du martxan Kutxa Ekoguneak

II. Euskararen Ginkana jarri du martxan Kutxa Ekoguneak https://www.gaztezulo.eus/albisteak/ii-euskararen-ginkana-jarri-du-martxan-kutxa-ekoguneak/@@download/image/201212116846euskara_ginkana.jpg
2012/12/13
berria
Euskaraz eta euskararekin ongi pasatzeko prestatutako lehiaketa hizkuntza ekologian murgilduko da bigarren edizio honetan, eta irabazleak, bizikleta elektriko bat ez ezik, 3.000 euroko laguntza jasoko du eskualdeko euskalgintza proiektu bat garatu ahal izateko. Lehen fasea abenduaren 3tik urtarrilaren 12ra bitarte luzatuko da.

Kutxa Ekoguneak antolatutako Euskararen Ginkanak hainbat berritasun dakartza aurten. Gainditu beharreko galderak eta probak, esate baterako, ez dira soilik euskarara mugatuko eta, horren ordez, inguruneak, ekosistemak, euskararengan ez ezik beste hinkuntza batzuengan ere duen eraginean murgilduko da.

Lehenengo fasea martxan da iragan abenduaren 3az geroztik, eta urtarrilaren 21eko eguerdiko 12ak arte segiko du indarrean. Hortaz, 1997an edo lehenago jaiotakoa bazara eta izena eman nahi baduzu, www.euskararenginkana.net atarian formularioa bete besterik ez duzu egin behar. Hortik aurrera, lehen fase honetan zehar astero proba eta galdera berriak argitaratzen diren unetik zure txokoan erantzuteko aukera izango duzu, ginkanan aurrera eginez.

Aurreneko fase hau amaituta puntu gehien biltzea lortzen duten 10 lehiakideak otsailaren 9ko finalerako sailkatuko dira. Donostiako San Telmo Museoan izango da.

Sariak


Irabazleak bizikleta elektriko bat jasoko du opari. Bigarren sailkatuak asteburu bat irabaziko du landetxe batean, eta hirugarrenak afari ekologiko bat bi lagunentzat.
Aurten, gainera, berritasun gisa, Kutxa Ekoguneak 3.000 euroko laguntza emango dio irabazleari, eskualdeko euskalgintza proiektu bat garatu ahal izateko Topagunearekin adostuta.