Iheskide: "Musikari gaur egun gaiztotasuna falta zaio"

Iheskide: "Musikari gaur egun gaiztotasuna falta zaio" https://www.gaztezulo.eus/albisteak/iheskide-musikari-gaur-egun-gaiztotasuna-falta-zaio/@@download/image/musika_iheskide_1449660592.jpg
2015/12/15
elkarrizketa
Testua: Saioa Baleztena @SaioB Argazkia: Ibon Urizar
Iheskide: "Musikari gaur egun gaiztotasuna falta zaio"
2004an Ihesbide gisa lagun giroan sortutako taldeak Iheskide bezala egin du eztanda azken urteetan. Durangoko Azokan aurkeztuko dute ‘Garaitu ez gaituztelako’ izeneko disko berria.


Punk-rock errebeldea egiteko asmoz sortu zenutela taldea erran izan duzue beti. Hamaika urte pasa ondoren gaiztotasun berarekin jarraitzen duzue?
Erabat. Gaiztotasuna amaitzen zaigunean bukatuko da Iheskide. Ez dugu proiektu hau beste era batera ulertzen, hala irtetzen zaigu, naturalki, alegia, egunerokotasunean gure inguruan zein mundu zabalean bizi eta ikusten ditugunek hala behartuta.

Ihesbide izenarekin sortu zineten arren, 2010ean ‘Iheskide’ diskoa kaleratu zenutenean aldatu zenuten, era berean, taldearen izena. Nolatan?
2008an Gaizka Jareño –baxu-jotzailea– atxilotu zutenean taldea bertan behera gelditu zen. Denbora mordoa egin genuen lokaletik agertu ere egin gabe. Baina inguruko hainbat lagunen bultzadari esker aurrera jarraitzea erabaki genuen. Eta taldeari izena aldatu genion Gaizka eta errepresioaren ondorioz taldearen inguruan bueltaka zebiltzan hainbat kideren falta adierazteko asmoz.

Tira, lan berriarekin zatozte. Zer aurkituko dute zaleek diskoan?
Garaitu ez gaituztelako diskoa hamar abestiz osatuta dago. Hainbat kolaborazio izan ditugu, hala nola, zenbait abestitan pare bat euskal preso politikoren testuak eta herriko lagunen hitzak sartu ditugu, eta ahotsetan, berriz, Anestesiako Ibonek lagundu digu kanta bat biribiltzen.

Noiz eta non grabatu zenuten? Nola joan zen grabazio prozesua?
Grabaketa eta nahasketak uztaila eta abuztua bitartean egin genituen Usurbilgo Higain estudioetan, Haritz Harreguy handiarekin. Berarekin kaleratzen dugun hirugarren bilduma luzea da, eta igartzen da elkar ulertzen eta ezagutzen dugula... Oso giro ona izan dugu, beste behin ere!

Zertan desberdinduko da aurreko lanetatik?
Gehienbat, soinu aldetik sendoagoa da, gitarra soinu lodiagoak ditu, eta abestien melodiak eta koruak landuagoak dira seguruenik. Hala ere, beti saiatzen gara gure esentzia mantentzen.

Hitzei dagokienez salaketa eta aldarriek ezaugarritzen dute zuen musika. Zertan erranen zenukete aldatu dela gizartea musika egiten zabiltzaten hamaika urte hauetan?
Galdera zail bezain erantzun luzekoa da hori, baina labur esanda, uste dugu botereak maila bat igo duela gizartearen zati handi bat doktrinatzeko saiakeran, eta horrek musika joeretan eragina izan du, eta era berean joera horiek gizartearengan.

Eta musikari zer falta zaio gaur egun?
Seguruenik, musikari gaur egun hasieran aipatzen genuen gaiztotasuna falta zaio, era naturalean.

Amaitzeko, behin diskoa kalean dela, zein dira taldearen erronka nagusiak aurrerantzean?

Printzipioz, ahalik eta kontzerturik txukunenak eskaintzea, gure kanta berriak ahalik eta gehien zabaltzea, eta egurra ematen eta mezua zabaltzen jarraitzea!