Igotzen den guztia jaisten da

Igotzen den guztia jaisten da https://www.gaztezulo.eus/albisteak/igotzen-den-guztia-jaisten-da/@@download/image/drogak_147_1389189730.jpg
2014/01/10
erreportajea
Testua: Maitane De Anitua. Ai Laket!! elkartea.
Gabonetako otorduetan gehiegikeriak egiten diren bezala, garai honetan drogen erabilera ere handiagoa da, eta ospakizunak amaitutakoan egindakoaren ondorioekin aurkitzen gara.


Udako oporraldietan gertatzen den antzera, Gabonetan ere drogen erabilerak gora egiten du, batez ere Gabon zahar gauean, eta baliteke garai honetan hainbat pertsona droga erabilera esperimentalekin hastea. Dena den, erabiltzaile gehienentzat okerrena ez da ospakizun egunetan jazotakoa, egindakoagatik hurrengo egunean edo egunetan izaten dituzten sentipenak baizik (beti ere, drogen eraginak zein sentipen fisiko eta psikikoak pertsonaren arabera aldatzen direla kontuan hartuta).

Drogen erabilera arduratsua egiten ez denean, ohikoa da aje fisikoaz gain (hartutako droga motaren eta egindako erabileraren arabera handiagoa edo txikiagoa, eta luzeagoa edo laburragoa izan daitekeena) egindakoaz errudun sentitzea edo damutzea. Bitxia da orokorrean emakumeek sentipen horiek gizonek baino gehiagotan izaten dituztela, ezarritako gizarte rolengatik emakume droga erabiltzaileek gizonek baino gaitzespen sozial handiagoa pairatzen dutelako. Horrelakoetan, errealitatea genero ikuspegitik aztertzeak lagundu dezake emakumeen erru, lotsa nahiz beldur sentipenei indarra kentzen. Bestalde, baliteke hurrengo egunetan nekatuta, triste edo ozpinduta egotea, baina kasu horietan, drogen erabilera egin ostean ez du merezi burua neurriz kanpo hausteak, egindakoak jada atzera bueltarik ez duenez, dagoenari lehenbailehen aurre egin behar zaiolako. Azken finean, drogen eraginpean egotea ohiko jarrera ez denean edo gehiegikeria nolabait larria ez denean, alarmismoa pizteak ez du merezi.

Drogen erabilera egin aurretik zein bitartean arriskuak murrizteko neurriak behar bezala hartu ez badira, kontsumitu ostean hainbat alderdi zaindu behar ditugu. Hasteko, etxera modu seguruan joateaz aparte (gidatu gabe, konpainiarekin….), oheratu aurretik higienea zaintzea komeni da. Adibidez, hortzak eta ahoa garbitzea, edota sudur bidez droga hartu bada sudurzuloak ere garbitzea komenigarria da. Aproposa da, baita ere, behar bezala deskantsatzea eta elikadura zein hidratazio egokia izatea; hartutako droga motaren arabera, elikagai edo edari jakin batzuk egokiagoak dira. Bestalde, ondo deskantsatu ondoren, drogen erabileran eten bat egitea komeni da, besteak beste gorputzak eta buruak denbora batez atseden hartu dezaten, tolerantziarik ez garatzeko eta mendekotasuna saihesteko.

Aipagarria da baita ere, sexu harremanak izaterako orduan, gaixotasunen transmisioa eta espero gabeko haurdunaldiak saihesteko orokorrean emakumeek gizonek baino segurtasun neurri gehiago hartzen dituztela. Baina gaiari lotuta, jai giroan emandako baldintzatzaile ezberdinengatik, egoera batzuetan, ziurrak ez diren sexu harremanen arriskugarritasuna hautematea zailagoa izan daiteke. Horrenbestez, sexu harreman ziurrak eduki ez badira, komeni da lehenbailehen hurbilen dagoen osasun zentrora joatea gertatutakoaren gaineko kontsulta egitera eta beharrezko probak burutzera. Esan beharra dago, baita ere, askotan honetan erreparatzen ez den arren, gizonek ere sexu harreman ez seguruak izatearen ondorioak pairatu ditzaketela, eta beraz, arrisku eta kalte murrizketarako neurrien gaineko ardura gehiago hartzea komeni zaiela.