Igor Salutregiren 'Azken partida' proiektuak irabazi du 'Oihua!' sorkuntza ekimena
Donostia Kulturak, San Sebastian-Gipuzkoa Film Commissionek eta Donostiako Udaleko Euskara Zerbitzuak bultzatutako ekimena da Oihua!, euskaraz filmatzen den fantasiazko generoa indartzeko helburuarekin sortua. Deialdia 35 urte arteko sortzaile hasiberrientzat egin da eta Igor Salutregik irabazi du ekimenaren bigarren edizioa Azken partida film laburraren proiektuarekin. Epaimahaiak lan irabazlearen alderdi onak nabarmendu ditu: "Istorioak emozionatzeko duen berezko gaitasuna, sentsibilitatea, umorea, drama soziala eta genero fantastikoa uztartu ditu, errealismo magikoa eta gizakiaren oinarrizko-beldurrak landuz".
Bigarren edizio honetan 13 egilek sortutako 14 gidoi jaso dira, sei Gipuzkoatik, beste sei Bizkaitik, eta bi Arabatik. Aurkeztutako gidoi guztien "kalitate eta izaera profesionala" nabarmendu ditu epaimahaiak. Epaimahaikideak Maider Oleaga zinegilea, eta erakunde antolatzaileetako ordezkariak izan dira: Marta Zabaleta (San Sebastian-Gipuzkoa Film Commission), Unai Guerra eta Jon Sánchez (Larrotxene Bideo), Josemi Beltran (Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren Astea) eta Alex Aisa (Donostiako Udaleko Euskara Zerbitzua). Lan irabazlea aukeratzeko hainbat irizpide erabili dira: sormena eta kalitate artistikoa, ekoizpenaren bideragarritasuna, kokalekuen aniztasuna eta euskararen maila.
Irabazleak Maider Oleaga zuzendariaren aholkularitza izango du lan prozesuan zehar. Gainera erakundeek 7.000 bat euro jarriko dituzte film laburra egin ahal izateko. Larrotxene Bideoren tutoretzapean eta elkarlanean ekoiztuko da gidoia, eta film laburraren filmaketa osoa Gipuzkoan egingo da. Gainera, film laburra Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren Asteko 2022ko programazioan txertatuko da.
Igor Salutregi gernikarra Ikus-Entzunezko Komunikazioan lizentziatua da, eta kazetari eta gidoilari lanak egin ditu ETBn, EITB Kultura, Baserria, Ene kantak eta 3Txulo saioetan, besteak beste.

