Igor Elortza: “"Ezin ditut bereiztu Igor eta Elortza”"

Igor Elortza: “"Ezin ditut bereiztu Igor eta Elortza”" https://www.gaztezulo.eus/albisteak/igor-elortza-quotezin-ditut-bereiztu-igor-eta-elortzaquot/@@download/image/igor_elortza_7_1362746669.jpg
2009/04/03
elkarrizketa
Testua eta argazkiak: Patxi Uranga.
Igor Elortza: “"Ezin ditut bereiztu Igor eta Elortza”"
Igor Elortza (Durango, 1975) bertsolari belaunaldi berriaren ikono bilakatu zen 90eko hamarkada hasieran, Unai Iturriaga, Estitxu Arozena, Xabier Silveira eta beste zenbaitekin batera. Bertsoa bidelagun izan du ordutik. GAZTEZULOK Durangora jo du, bizitza erdia baino gehiago puntu eta errima artean daraman Igorrengana. 

Euria ari du, terraza batean egoteko modurik ez, beraz, eta Anboto astekariaren egoitzara jo dugu. Arin abiatu gara, are gehiago Igorrek azken egunak gaixorik eman dituela kontuan hartuta. Ez dago denbora galtzerik, grabagailu malapartatua piztuko al da!

Joan den urtean, zure bosgarren txapela irabazi zenuen Bizkaiko txapelketan. Gustura?

Gustura, baina txapelagatik baino, nire buruari hor tartean egoteko gaitasuna dudala erakutsi diodalako. Izan ere, Gu ta Gutarrak proiektuarekin eman ditudan azken bi urteak parentesi modukoa izan dira nire bertso ibilbidean. Iazko ekainaren 19an eman genion akabera, uztailean plazetan aritzeari ekin genion, eta urrian txapelketan murgildu ginen: denbora gutxiegi zen egoera berrira ohitzeko, eta nahikoa zalantza izan nuen. Txapelketa hasi aurretik, niretzako inportanteena zen bertsotan gozatzeko grina banuen jakitea, eta hori lortu dudalako nago pozik, batez ere.

1998, 2000, 2002, 2004… 2008. 2006a kenduta, bi urtean behin txapeldun izan zara, eta orduan ez zinen aurkeztu. Eskerrak zalantza zenuen, ezta?

Kanpotik begiratuta dena sinpleagoa da beti. Zalantzaren kontua ez doa txapelarekin lotuta, txapela eskuratzeko obsesiorik ez nuelako. Nire buruari agindu bakarra eman nion: ilusioa piztea eta nirekiko konfiantza lortzea. Eta ez lehiari begira, bertsogintzari baizik. Baina, berriz diot, nahiz eta kanpotik begiratuta gauzak errazago iduri, taldearekin aritu garen denboran plazako bertsogintzatik nahikoa aldenduta ibili gara Unai eta biok. Eta horrela, nahitaez, martxa galtzen da.

90eko hamarkadan, bertsolari gisa ezagun bihurtzen hasi zinenean, belaunaldi berri baten ikono bilakatu zinen beste zenbaitekin batera. Nola ikusten dituzu garai haiek?

Sekulako ilusioa, eta bertsotarako gaixotzeko moduko grina zituen mutiko gazte bat legez oroitzen ditut. Gauza zehatzak ez ditut asko gogoratzen, bai, ordea, bizitasun handiko garaiak izan zirela. Zenbat leku eta jende ezagutu ote nituen urte haietan… dena berria zen! Ia ezinezkoa da denak oroitzea, baina izugarrizko ilusioa nuen, eta hori ez da inoiz ahazten. Beste herri batera bertsotan egitera joatea plan edo abentura bat zen, 20-21 urterekin ez bezala.

Zergatik?

Batzutan anti-plana zelako. Herriz herri bertsotan aritzea gustuko duzun arren, ez du urte batzuk lehenagoko nobedade puntu bera. Lagunekin egon nahi duzu, eta saio batera joan beharra traba izan daiteke. Baina, orokorrean, asko gozatu eta ikasi nuen.

[Igorrek eta biok adin bertsua dugu, eta hori dela eta, gazteago nintzeneko kontuak etorri zaizkit gogora. Institutuko ikasle aldrebes bat nintzenekoa, hain justu. Gogoan dut gelako neska batzuek Elortza eta Iturriagaren argazkiak zituztela karpetan jarrita, rock izarrak bailitzan. Eta nola amorratzen ginen guri batere kasurik egin ez, eta haien argazkiari begira egoten zirelako, lerdea zeriela, txutxumutxuka…]

Hamabost urte izango dira, institutu garaia. Ikasgelako neska bat baino gehiagoren karpetan oroitzen zaitut, Unai Iturriaga eta Julen Guerrero futbolariarekin batera. Euskal Herriko sex symbolak zineten, eta horrek ez zigun batere graziarik egiten…
Ez da izango! Beste batek gauza bera esan zidan behin. Nork eta Unax Ugaldek! Sinetsi dezakezu? Bera ere ikaslea zela, bere ikaskideek gure argazkiak omen zituzten karpetan itsatsita. "Orain ez dut uste izango dituztenik"… erantzun nion. Karpetetan eta izango ginen agian, baina ez pentsa ligatze kontutan oso abilak ginenik…

Ordutik hona, asko aldatu da bertso mundua?

Asko, baina asko zenbat da? Ez dakit zehatz esaten. Jende gaztea iritsi ahala, formulei beste erantzun bat eman zaie, logika baten baitan, beti ere. Horrek gai berriak ekarri ditu, gaiek beste publiko mota bat batzea, gai-jartzaile berriak… Pertsonalki, asko aldatu dela esango nuke. Eta ikuspegi artistikotik erreparatuta, pauso garrantzitsuak eman ditu. Gure belaunaldiak eta aurrekoak (Egaña, Sarasua…) anbizio handiz jokatu genuela esango nuke. Hori lortzeko bidean, ezinbestekoa izan da garai bateko bertsozaleak, "baina" dezenterekin nahi baduzu, publiko artean mantendu izana. Eta horra iritsita, gutxienez, Amurizarenganaino jo beharko genuke bilakaera horren zero puntua topatzeko. Niretzat pozgarria da bertso saio batera joan, eta adin guztietako publikoa topatzea, denak bertsoari adi. Denei eskaintzeko moduko zerbait izatean datza gakoa.

Topografia ingeniaritza ikasketak egin zenituen, baina bidea bertsogintzan zehaztu zenuen. Zer eman dizu bertsolaritzak? Zer kendu?

Kendu didana irudikatzea ez da erraza, hipotesiak egin, eta bestela non ote nengokeen imajinatu beharko nuke. Beti esan ohi dut topografia ikasi nuen bitartean, bertsolari ofizioa praktikara eraman nuela. Ikasketak amaituta, aukeratu beharra nuen: bertso munduan murgildu, edo topografo gisa lana aurkitu eta bertsotan zaletu gisa aritu. Bertsoaren aldeko apustua egitea erabaki nuen, beste bidea hartuz gero, noizbait damu izango nintzelakoan. Azken finean, bokazioa ofizio bihurtzeko aukera izate hutsa luxu handia da, nahiz eta etorkizunak zer ekarriko dizun jakin ez. Hortaz, auskalo zer kendu didan. Eman didana, ordea, asko da: bokazioa modu duin batean garatzeko aukera izan dut, plaza mordoa ezagutu eta lagun ugari egin dut. Eta nire barruko zerak, pentsamenduak… kaleratzeko modua eskaini dit.

Hitzetik hortzera programari eta egunkariei esker, ia astero izan ohi dugu zure berri. Baina, astegun normaletan, nolakoa da Igor Elortzaren egunerokoa?
Asteartetik ostegunera Anboto astekariko erredakzioan ematen dut eguna, zuzentzaile lanetan. Horrez gain, lan txiki batzuk izaten ditut noizbehinka: hitzaldi bat edo beste… eta duela hamabost hilabetetik hona, alaba txikia zaintzen dut aitita-amamen laguntza ezin eskergarriagoaz. Hori da nire egunerokoa, gauza arruntak egitea: lana, alaba, erosketak… Denbora dudanean, gero eta zailagoa hori ere, zinemara joaten naiz, lagunekin afariren bat edo beste egin, kirola…

Oholtza gaineko Elortza eta azpiko Igor berdinak dira?

Zaila zait erantzutea, bizitza erdia baino gehiago baitaramat honetan. Baietz esango nuke, baina beste norbaitek erantzun beharko luke. Oholtza beti da artifizio bat, antzerki pixka bat egin beharra baitago. Oholtzakoa ez da bizimodu arrunta, horren agerpena baizik, eta sinesgarri izaten saiatu behar duzu. Niretzako, Igor eta Elortza desberdintzea ezinezkoa da. Beste herriren batean, beste ofizio batean, kezkatzekoa litzateke, osasun mentalari lotutako akatsen baten erakusle edo antzeko zerbait. Imajina ezazu Mick Jagger: kalean oholtzan bezalakoa bada, nork jasango du  tipoa? Baina Euskal Herria txikia da, bertsolariok jendearengandik gertu gaude eta, orokorrean, oholtzan ere pertsona arruntak garela esango nuke.

Egungo bertsolari gehienak bertso eskoletan ikasiak dira, eta teknika aldetik oso trebatuta daudela esan ohi da, baina garai bateko bertsolarien freskotasuna falta dutela. Ados zaude?

Askotan entzuten da, gaur egungo bertsolariek ez dutela, edo ez dugula. garai batekoen grazia. Ez dakit zenbateraino izan daitekeen nostalgia kontua, edo arrazoiz betetako kritika. Batez ere, garai batekoak ez ditudalako aurrez aurre ezagutu. Nortzuen freskotasuna eta graziari buruz ari garen zehaztu beharko genuke, inor mitifikatu aurretik. Lehen ere baziren ofizialak ez ziren eskolak, bestela kasualitate handiegia litzateke bertsolari gehienak inguru jakin batzuetatik atera izana, eta gauza mistikoetan pentsatzen hasi beharko genuke. Egun sekulako maila teknikoa dago, baina hori bertsozaleak eska dezakeen gutxienekoa da. Bestalde, nik estetika deitzen diot, baina zer da teknika? Azkenean, bertsolari batek bere kabuz landu duen hori igarri egiten da. Denek egiten dutena, edo egin dezaketena, gauza arrunta bilakatzen da. Hori batetik. Bestetik, aurretik aipatutako maila izanda ere, garrantzitsuena beti izango da norberaren barne mundua. Umorea lantzeko duen gaitasuna, zorroztasuna… Freskotasunaren kontua, berriz, eztabaida sakonagoetarako gaia izan daiteke egungo umoreak ez duelako garai batekoarekin zer ikusirik. Gaurko entzule bati, agian, ez dio graziarik egingo garai bateko umoreak, eta alderantziz. Ereduen eta gustu kulturalen kontua ere bada… To txapa!, kar, kar…

7 Eskale proiektuarekin, bertsolaritza rockaren eta folkaren eremura zabaldu eta bertsorik apenas entzun ez zuen jende andana erakarri zenuten. Oraindik gogoan ditugu Banu, balego ta balitz, edo The Clash handiei egindako keinua, I fought the law. Urte batzuk beranduago, Gu ta Gutarrak proposamena plazaratu zenuten, orain geldirik dagoena. Berreskuratzeko asmorik baduzue?

Asmoa askotxo esatea izan daiteke. Ateak zabalik ditu, arrazoi asko direla medio. Ilusio handia egiten digun proiektua da, Unai eta biok, bertsolari izateaz gain, musikazaleak garelako, eta lagungarria zaigulako bat batekoa ez den alderdi hori lantzeko. Horrez gain, Josu Zabala bezalako musikari bat aldamenean edukitzea luxu handia da. Gu ta Gutarrak-en arrakastaren zergatietako bat, 7 Eskaleren esperientziaren gainean egindako irakurketan datza. Bertsoa rock eta folk mundura eraman genuela aipatu duzu, eta egia da. Baina, beharbada, gehiegi tematu ginen bertsoa musikara eramaten. Ondorioz, bertsotan oinarrituago egongo zen zerbait lantzea erabaki genuen. "Bertso kantak" deitu genituen, ez direlako ez bertsoak, eta ez kantak. Bertsoak dira oinarria, eta musika haietara egokitzen dugu, ez alderantziz. 7 Eskaleren ibilbidea oparoa izan bazen, oraingoan gehiago asmatu dugula esango nuke, eta bertso munduan eragin handiagoa izan duela. Hau esanda, atea zabalik dago, nahiz eta batek dakien noiz eta nola helduko diogun berriro, agenda kontuak eta presarik eza tarteko. Denborak esango du.

7 eskale aipatu dugunez, kantu baten hitzak gogoraraziko dizkizut, 15 urte pasatu arren, ez baitute gaurkotasunik galdu: "Kaixo amatxo idazten dizut bihotza esku batean/ gure anai bat itota hil zela Gibraltargo itsasartean/ mundu berri bat bilatu zuen arnasik zuen artean/ baina sarrera garesti dago Europa zaharreko atean". Zer diozu?

Orduan ere gertatzen ziren halako tragediak, baina ez gaur egun bezainbeste, ia egunero esnatzen garelako galdutako pateren notiziekin. Abesti horrekin ez genuen inongo igarle lanik egin eta, gainera, bertso horiek Unaik osatu zituen… kar, kar.

Belar kontuei ere abestu zenieten: "Mari landara handi hazi da, gure etxeko leihoan…". Marik laguntzen du bertsotan?

Bat-batekoetan ez; niri, ez. Mari eta beste hainbat, momentuaren, tokiaren eta norberaren arabera egindako lagunak dira. Bertsotarako oso gutxitan hartu dut lagun, eta ez zidan askorik lagundu. Bestela, noiz edo noiz, idazteko edota ideiak sortzeko… lagun ona izan daiteke. Egia esatea nahi baduzu, aspaldian ez naiz berarekin izan.

Literatuan ere aritua zara: Margolana (1999) eta Kontuak Kantu (2002). Zer moduzko esperientziak izan ziren? Zerbait baduzu esku artean?

Ez dut ezer esku artean. Irakurle ona naiz, tarteka zerbait idazten dut, eta baditut hainbat gauza gordeta, baina inolako asmorik gabe. Kontuak kantu bertsolari lana izan zen, batik bat. Margolan, berriz, erronka txiki bat izan zen, nahiz eta nobela baino, ipuin luze bat den. Asko gozatu nuen liburua egiten, eta gerora poztasun batzuk eman dizkit, nire harridurarako. Ez dakit zenbatgarren argitalpena duen, bi urtean behin edo, sorpresatxoren bat izaten dut beste ez dakit zenbat inprimatu dituztela eta. Duela urte gutxi, Galtzagorri elkarteak sariketa egin zuen Gipuzkoan. Gaztetxoei bost liburu eskaini zizkieten, Atxaga eta Egañaren bana tartean, eta nirea aukeratu zuten. Badakit idazle gisa ezin naitekeela beraiekin konparatu, baina poztasunez gogoratzen dut.

Igor Elortzaren kuttunak



Liburua: Irakurri ditudan azkenekoen artean, Zulo bat uretan, Iñigo Aranbarrirena. Asko gustatu zait.
Musikaria: Bakarra? Andres Calamaro gustuko dut, baina gurean ere oso bakarlari onak ditugu: Txuma Murugarren, Petti…
Diskoa. abestia: Momentuko burutapenaren arabera erantzungo dizut, kanta onak ehunka baitaude. Azkenaldian, Mikel Errazkinek Ruperren Ene Begiek abestiaren gainean egindako bertsioa.
Jatekoa: Pasta, eskaintzen dituen mila modutara.
Toki kuttuna: Ez daukat bat bestea baino bereziagoa, baina Urkiola-Anboto ingurua.
Bertsolaria: Galdera zailena, zalantzarik gabe. Xabier Lete, to!