Igor Astigarraga, Gora Gora Kids: "Ez aspertzeko modukoak gara"

Igor Astigarraga, Gora Gora Kids: "Ez aspertzeko modukoak gara" https://www.gaztezulo.eus/albisteak/igor-astigarraga-gora-gora-kids-quotez-aspertzeko-modukoak-garaquot/@@download/image/2012543669gora__1360704498.jpg
2012/05/04
elkarrizketa
Testua: Maialen Goñi, Argazkia: Maider Gomez
Igor Astigarraga, Gora Gora Kids: "Ez aspertzeko modukoak gara"
2008an, Koldo Almandoz, Xabier Sagardia, Arkaitz Villar eta Igor Astigarraga lankide eta lagun ziren; geroztik, taldekide ere badira. Arratsalde batez soinua probatzeko geratu ziren, bigarrenerako prest zuten taldearen izena, eta hirugarrenetik aurrera musikaren mundura egin zuten salto. Pixkanaka bada ere, eszenatokira igotzea ohiko egiten ari zaie.

Gora Gora Kids zarete zuek; kids… haurrak!
Nerabeen espiritua dugulako! Xabier eta ni –Igor– beste talde batzuetan aritutakoak gara, baina Koldo eta Arkaitzentzat lehenengo aldia izan da, eta horregatik taldearekin nerabezaroko ametsa betetzen ari direla sentitzen dute. Gainera, hizkuntza nahasketak ere ohikoak dira gure kantetan.

Nola hasi zineten?

Egun batean lokalean musika ezagutzak elkarrekin partekatzeko geratu ginen, eta arratsalde pasa hasi zenak aurrera jarraitu zuen oharkabean. Garai hartan Gore Gore Girls talde estatubatuarra bira egiten ari zen Euskal Herrian, eta guk haien bertsio maskulinoa egin nahi izan genuen. Era berean, nerabezaroko ametsa betetzen ari ginenez, 'kids' jarri genuen. Hortik etorri zen inspirazioa, edo plagioa, hobe esanda –barrez–.

Martxoan kaleratu zenuten 'Horror Songs' estudioko bigarren lana. Kanta dantzagarriz bete duzue diskoa.

Egia esan, naturaltasun osoz ateratzen zaizkigu abestiak; zerbait probatu eta hortik jarraitzen dugu. Dena den, ildo nerbioso moduko bat dugu, mugimendua duena, eta bizitasun horrek dantzan jartzen du jendea kontzertuetan. Ez aspertzeko modukoak gara!

Mozorroak ere, ongi pasatzeko…

–Barrez–. Egunaren araberakoa izaten da, baina bai, batzuetan eszenatokira mozorrotuta irteten gara. Duela gutxi, esaterako, Halloween egunaren harira kontzertu bat eman genuen Donostian, eta mozorroturik irten ginen taula gainera.

Beraz, kritika on batek baino gehiago eszenatoki azpian ero moduan dantzan dabilen entzuleak motibatzen zaituzte.

Noski! Hau guztia gozatzeko egiten dugu, eta diskoa grabatzeak ere bere xarma duen arren, zuzenekoetan sentitzen da entzuleekiko lotura. Haiek mugiaraztea da garrantzitsuena.

2010ekoarekin alderatuta, nolakoa da lan berria?

Egia esan, argi dago talde berbera garela, eta soinu bereizgarri hori mantentzen dugu. Beharbada, aurrekoan soinu eklektikoagoak egin genituen, ilunagoak, nolabait esatearren, eta oraingo hau biziagoa da.

B Saileko zinetik eta zabor kulturatik ateratako pertsonaiekin josi dituzue doinuak.

Egia esan, kultura horren estetika eta rolloa gustatzen zaizkigu, guk egiten dugun musika motari oso ongi doakiolako. Ongi pasatzeko baliagarria da, azken batean.

Lan honetan zuen kantak bildu dituzue, baina zuzenekoetan pare bat bertsio jotzen dituzue.

Lehen lanean Lur azpian bertsioa sartu genuen; Rolling Stones taldearen Under my thum da, baina euskaraz, eta doinu aldetik ere nahikoa moldatuta dago. Horrez gain, zuzenekoetan Rafael handiaren Estoy enamorado de ti jotzen dugu, eta zenbaitetan Bob Dylanen Roadrunner. Kontzertuaren araberakoa izaten da, batzuetan denak, eta bestetan bakarren bat.

Biniloa kaleratzearena ohiko bihurtu da euskal taldeen artean, eta zuek ere halaxe egin duzue. Musikak bizi duen egoeraren isla al da?

Argi dago CDak gutxiago saltzen direla, eta ondorioz, biniloen salmenta zertxobait igo dela azken aldian; baina hau oso era xumean gertatu da. Guk bereziki kapritxo gisa egin dugu, taldearen binilo bat izateagatik. Era berean, konturatu gara zenbait ate ere zabaldu dizkigula batez ere zirkuitu alternatiboetan.

250 ale egin dituzue. Zer moduz doa salmenta?

Ongi funtzionatzen ari da, egia esan; ongi, bere parametroen baitan, noski. Hainbat denda espezialdutan dago salgai, gure musika motarekin loturik daudenetan. Gainera, gauza bitxi bat gertatu zaigu: Alemaniako Crypt Records diskoetxera gure musika bidali genuen bertan entzun zezaten, eta binilo batzuk eskatu dizkigute bertan salgai jartzeko.

Ez omen zarete musikari onak… Zergatik?

Ez dugulako aparteko maila teknikorik. Gustura jotzen dugu, eta berezko dugun freskotasuna mantentzea gustatzen zaigu. Ez dugu hortik urrunago doan ezer bilatzen.

Amateurrak oraindik?

Bai, afizio hutsa da, eta amateurrak izaten jarraitzen dugu.

Martxa hartu duzue, eta luzerako izango dugu Gora Gora Kids, ezta?

Luzerako ez dakit, baina oraingoz behintzat badugu Gora Gora Kids, eta indarrek irauten duten bitartean jarraituko dugu. Denbora batean behintzat, hemen izango gara!