Igandean jokatuko da Bertsolari Txapelketa Nagusiaren finala, Iruñean

Irailean abiatu zen Bertsolari Txapelketa Nagusia, eta igandean amaituko da Iruñeko Nafarroa Arenan. Zortzi finalista arituko dira bertsotan, goizez eta arratsaldez, igandeko finalean: Aitor Mendiluze Gonzalez, Alaia Martin Etxebeste, Amets Arzallus Antia, Beñat Gaztelumendi Arandia, Nerea Ibarzabal Salegi, Joanes Illarregi Marzol, Sustrai Colina Acordarrementeria eta Maialen Lujanbio Zugasti.
Goizeko hamaiketan hasiko da finala eta ordu bi eta erdiak aldera amaituko da eguerdiko tartea. Bazkalondoren, 17:00etan, ekingo diote berriz saioari eta zortzi eta erdiak aldera amaitzea aurreikusten dute. Orduan jakinaraziko da zein izango den 2022ko Bertsolari Txapelketa Nagusiko txapelduna eta baita gainerako bertsolarien sailkapena eta puntuazioa ere.
Iñaki Muruak jantziko dio txapela irabazleari. Bertsolaria ez ezik, bertsolaritza mugimenduko eragile handia izan da Murua, Gabirian zein Euskal Herri osoan. 2005etik 2018ra Euskal Herriko Bertsozale Elkarteko lehendakaria izan zen. Muruarekin batera, kulturgintza, euskalgintza eta nazioarteko hainbat sari-emaile izango dira, tartean Irantzu Idoate, Sagrario Aleman, Edurne Azkarate, eta Paulu Zedda. Bakoitzak euskal artista banaren artelanak banatuko dizkie finalistei.
Finalerako oharrak
Igandera begira, Bertsozale Elkarteak oharren gida osatu du beharrezko informazioarekin: Nafarroa Arenara nola iritsi, sarbideen inguruko zehaztasunak, bazkaria, guneak...
Saioa zuzenean jarraitzeko aukera
Bertsoa.eus eta eitb.eus atarietan ikusi eta entzun ahal izango da finala eta ETB1en ere emango dute, Ilaski Serranok eta Jon Martinek gidatuta. Beste hainbat hedabidek ere emango dute igandeko berri.