Igandean izango da Lapurtarren Biltzarra, Uztaritzen

Igandean izango da Lapurtarren Biltzarra, Uztaritzen Karroen desfilea izango da, eta baita bazkaria eta kontzertuak ere. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/igandean-izango-da-lapurtarren-biltzarra-uztaritzen/@@download/image/herriko taberna.png
2023/09/29
Karroen desfilea izango da, eta baita bazkaria eta kontzertuak ere.
Igandean izango da Lapurtarren Biltzarra, Uztaritzen

Lapurtarren Biltzarra igandean, urriak 1, ospatuko dute Uztaritzen, Lota jauregiaren inguruan. Festa honek badu bere jatorri historikoa: Frantziar Iraultzara arte, Lapurdiko herri guztietako ordezkariak biltzarretan elkartzen ziren, lege, zerga edo edozein kontu garrantzitsu eztabaidatzeko, jauregi horretan bertan. 1979an, Lapurtarren Biltzarra sortu zuten, aldarrikapenen izpirituari loturik. Hala, lapurtar herrietako gazteak karroen desfilean parte hartzen dute, euren herrietako auziak agertzeko: ikastolaren beharra, laborantza arazoak, etxebizitza.... 

Igandean ere egingo dute karroen desfilea, goizeko hamaiketatik aurrera. Lapurdiko herri batzuetako elkarteek 'Jeiki Lagunak' gaiaren inguruan sortu duten karroa aurkeztuko dute eta txapelketaren irabazleek saria jasoko dute. Aurten, rafting ateraldia izango da saria. Desfilearen ondotik Mizel Mateo eta Oier Urreizti bertsolariak arituko dira kantuan. 

Eguerdiko ordu bietan, Xalbador kolegioak antolaturiko bazkaria izango da, Nat eta Watsonek girotua. Arratsaldean zehar, Itsasu, Uztaritze eta Baigorriko gaiteroak, Ezpeleta eta Uztaritzeko trikilariak eta Kanboko erraldoiak ibiliko dira, eta haurrentzako puzgarriak ere izango dira.

Azkenik, 18:00etatik aurrera, Cumbiam’Bero, Liher eta Niña Coyote & Chico Tornado taldeen kontzertuak izango dira.