Igandean izango da Ibilaldia, Ondarroan
Igandean, maiatzaren 21ean, izango da Ibilaldia, 1967. urtean sortutako Ondarroako Zubi Zahar ikastolaren alde. Xe leloarekin ospatuko dute igandeko jaia. Izan ere, Ondarroan Ibilaldiari “Ibilaldixe” esaten diote, eta hortik hartu dute leloa: “Xe”. "Hitz egiteko modu bat ez ezik, herri bat ere irudikatu nahi dugu. Euskara berea duen herri bat. Ibili dabilen hizkuntza bat. Bizia. Goroldiorik gabeko harria bezalaxe. Gure herria, gure herrixe, horrelakoxea delako: bixixe. Alaixe. Argixe. Iraixe. Bertakoon jolasteko gogoa, euskaraz bizitzeko gogoa, kutsakorra izan dadila Ibilaldira datozenentzat. Erabil dezagun guztiok gure hizkuntza ahominean, harro eta, zergatik ez, lotsagabe, bere itxura guztiekin", azaldu dute.
Antolatzaileek azaldu dutenez, euren buruarekin zorrotzak izan dira egitaraua osatzeko orduan, "eskaintza zabala" egotea nahi zutelako. Hogeita sei ekimen antolatu dituzte, hemezortzi guneetan egitekoak eta gainerako zortziak ibiltariak.
Orotariko jarduerak izango dira: zirku ikuskizuna, haur ikuskizuna, herri bazkaria, bertso saioa, dantza emanaldia, tailerra, kantu-bira... Musikarik ere ez da faltako talde eta musikari hauek izango baitira, besteak beste: Garilak 26, Dupla, Xabi Solano, Bad Sound, Anje Duhalde, Pasadena, DJ Bull eta DJ Elepunto...

Ikuskizun eta jaiaz gain, aldarrikapenerako tartea ere hartuko dute, mobilizazioa egingo baita Azterketak euskaraz lemapean euskarak Iparraldean daukan egoerari ikusgarritasuna eman nahian.
Bestalde, 14tik 16 urtera bitarteko gaztetxoen parte-hartze aktiboa izateko helburuz, hainbat herritako ikasleak elkartuko dira bertan eguna pasatzeko. 11:00etan irtengo dira Zeledoniotik, eta hemeretzi jolas-jarduera egingo dituzte herrian zehar, taldean.
