Igandean estreinatuko da Euskal Herriko abeslari onena aurkitzeko helburua duen 'Ztanda' lehiaketa
Igandean, urriak 29an, estreinatuko dute ETB1en Ztanda talent show-a, Euskal Herriko abeslari onena topatu nahian. 17 eta 24 urte arteko hamahiru gazte arituko dira kantuan eta dantzan, eta irabazleak 15.000 euroko saria lortuko du. Saio bakoitzak hamarkada jakin bateko musika izango du oinarri, eta euskal kantak zein mundu mailakoak abestuko dituzte.
Honako hauek dira oholtza gainean arituko diren hamahiru gazteak: Danel Arteaga (Sondika, 19), Enara Arregi (Azpilkueta, 21 urte), Erik Retamosa (Beasain, 24), Gaizka Fernandez (Lekeitio, 21), Itxaso Alberdi (Azkoitia, 17), Jon Castañeda (Zornotza, 22), Jon Sortelle (Getxo, 21), Julen Leturiondo (Eibar, 22), Miriam Lujua (Bilbo, 24), Nahia Ricoy (Sopela, 17), Naiara Trifol (Zeberio, 21), Violeta Goñi (Gasteiz, 19) eta June Navascues (Bilbo, 17).

Barbara Goenaga izango da saioko aurkezlea eta Iker Villa aktore eta musikaria izango du lagun jardun horretan. Epaimahaia, berriz, honako hiru hauek osatuko dute: Leire Martinez, La Oreja de Van Gogh taldeko abeslaria; Klara Mendizabal sopranoa; eta Beñat Rodrigo Kiliki Frexko, Chill Mafia taldeko kidea.

Astero, hiru fase izango ditu saioan Lehenengoan, lehiakideak talde handiagoetan aritu beharko dira, eta bigarrenean, berriz, talde txikiagotan zein bakarka kantatzeko aukera izango dute. Ondoren, arriskuan daudenek duelua jokatuko dute, eta saioa nork utziko duen erabakiko dute. Saioko irabazlea nor den ere iragarriko da igandero. Aste honetako programan, salbuespen gisa, bi lehiakide kanporatuko dituzte, bata lehen fasea bukatzerako eta bigarrena dueluaren ondoren. Aurreneko saioan 90eko hamarkadako abestiak kantatuko dituzte.

Lehiakideek bi irakasleren laguntza izango dute asteroko erronkei aurre egiteko. Adrian Garcia de los Ojos aktore eta musikariak kantu kontuetan lagunduko die, eta Eider Rodriguez dantzari eta koreografoak dantzaren arloan. Gainera, musika munduko adituen eta abeslari ezagunen bisitak jasoko dituzte.
Saioa igandero emango dute, 22:00etan, ETB1en eta eitb.eus-en. Programa bukatutakoan, Primeran streaming plataforman ikusi ahal izango da.
