Igandean egingo dute Bertsu Xanpionaren finala

Igandean egingo dute Bertsu Xanpionaren finala https://www.gaztezulo.eus/albisteak/igandean-egingo-dute-bertsu-xanpionaren-finala/@@download/image/bertsu_xanpiona_1371735285.jpg
2013/06/21
berria
Igandean egingo dute Bertsu Xanpionaren finala
Araba, Nafarroa, Gipuzkoa, Bizkaia, Behe Nafarroa eta Lapurdiko zortzi ordezkarik hartuko dute parte igandean, ekainak 23, Senpere-Amotzeko Larraldea etxean egingo duten Bertsu Xanpionaren finalean. Halaber, Hernandorena sariketa egingo dute.


Paula Amilburu arabarra, Egoitz Gorosterrazu nafarra, Malen Amenabar bizkaitarra, Maialen Akizu gipuzkoarra, Battitt Crouspeyre baxenafarra eta Ortzi Murua, Maddi Sarasua eta Maddi Ane Txoperena lapurtarrak ariko dira igandean, ekainak 23, Bertsu Xanpionaren finalean. Izan ere, sailkapen faseen ostean, zortzi gazteek eskuratu dute azken saiorako pasea.

Senpere-Amotzeko Larraldea etxean egingo dute ekitaldia, arratsaldean, baina horren aurretik Hernandorena sariketa izango da. Goizeko 11:30ean hasiko da azken hau, eta ez da ohiko epailerik egongo irabazleak hautatzeko; horren ordez, hainbat irizpide zehaztuko dituzte eta horietan oinarrituz, ikusleek ebatziko dute nor den irabazlea.

Ondoren bazkaria egingo dute 14:00etan, zikiroa dastatzeko aukera izango da. Ticketak 15 euroren truke eskura daitezke. Bazkalostean, halaber, mahai-ingurua izango da lehenik eta finala ondoren. Gazteek beren onena emango dute, eta bertso saio bikaina entzuteko aukera izango da ziur.