Igandean abiatuko da Bertsolari Txapelketa Nagusia 2013

Igandean abiatuko da Bertsolari Txapelketa Nagusia 2013 https://www.gaztezulo.eus/albisteak/igandean-abiatuko-da-bertsolari-txapelketa-nagusia-2013/@@download/image/bertsolari_txap_1379685754.jpg
2013/09/23
berria
43 bertsolari, 14 gai-jartzaile, 16 epaile eta 14 saio. Horiexek igandean hasiko den XVI. Bertsolari Txapelketa Nagusiaren zifra esanguratsuenak. Amasa-Villabonan egingo dute lehen saioa, eta final handia BECen izango da, abenduaren 15ean.


Lau urtetik behin jokatzen den Bertsolari Txapelketa Nagusiak XVI. edizioa du aurtengoa. Bertsozale Elkarteak antolatzen duen zortzigarrena izango da, eta azken urteetako joera jarraituz, final handira heldu bitarteko saioetan eta baita azken egun horretan ere, bertsozale eta euskaltzale andana bilduko dira Euskal Herriko bertsolari onenen talentuaz gozatzera. 14.500 ikusle izan ziren orain lau urteko finalean.

Antolatzaileek, baina, modan jarri den bertsolaritzaren fenomenoari baino, bertsoari berari eman nahi izan diote garrantzia aurtengoan, eta horren isla da aurkeztu berri duten kartela, sinple bezain dotorea. Izan ere, bertsolaritzarena mugimendu zabal eta dinamikoa dela azpimarratu dute, jende askoren inplikazioa eskatzen duena; eta Txapelketa Nagusia horren erakusle dela nabarmendu dute.

Igandean hasiko dira lehen kanporaketa saioak. Amasa-Villabonako Behar-zana pilotalekuan izango da, eta Alaia Martin, Fredi Paia, Iker Zubeldia, Jon Martin, Nerea Elustondo eta Odei Barroso izango dira mikrofono aurrean jartzen lehenak, 17:30etik aurrera. Sarrerak salgai dira dagoeneko.

BECera bidean
Orotara sei kanporaketa eta zazpi finalaurreko jokatuko dituzte. Berauetan zazpi lurraldeetatik etorritako punta-puntako 43 bertsolarik hartuko dute parte, horietatik sei zuzenean finalaurreko saioetara joango direnak; guztiei gaiak jartzen ariko dira hamalau lagun. Ondoren, hamasei epailek banatutako puntuazioek ebatziko dute nortzuk izango diren BECeko finalera helduko direnak. Oraingoz izen bakarra da ziurra, Maialen Lujanbiorena, 2009ko txapelketa irabazi baitzuen.

Aurtengoan, gainera, berrikuntzak izango direla iragarri dute antolatzaileek, ariketetan hain zuzen, eta sorkuntza landu beharko dutela bertsolariek.

GAZTEZULOn ere Bertsolari Txapelketa Nagusiarekin bat egin nahi izan dugu, eta laster iragarriko dizuegu eskuartean dugun ekimena. Adi ibili!

Saioak, banan bana


Irailak 29, Amasa-Villabona, 17:30
Alaia Martin, Fredi Paia, Iker Zubeldia, Jon Martin, Nerea Elustondo eta Odei Barroso.

Urriak 5, Markina-Xemein, 17:30
Agin Laburu, Arkaitz Estiballes, Beñat Ugartetxea, Eneko Fernandez, Jone Uria eta Onintza Enbeita.

Urriak 12, Hendaia, 17:30
Amaia Agirre, Felix Zubia, Iban Urdangarin, Iñaki Apalategi, Iñaki Zelaia eta Julio Soto.

Urriak 13, Altsasu, 17:30
Beñat Gaztelumendi, Erika Lagoma, Jexux Mari Irazu, Oihane Perea, Unai Agirre eta Xabier Silveira.

Urriak 19, Legazpi, 17:30
Ainhoa Agirreazaldegi, Beñat Lizaso, Igor Elortza, Iñigo Mantzizidor, Jokin Uranga eta Oihana Bartra.

Urriak 26, Oion, 17:30
Eneritz Zabaleta, Etxahun Lekue, Iratxe Ibarra, Maddi Sarasua, Manex Agirre eta Miren Amuriza.

Azaroak 9, Gernika-Lumo, 17:30
Lehen finalaurrekoa, Amets Arzallus eta saio honetarako sailkatutako bertsolariak.

Azaroak 10, Tolosa, 17:30
Bigarren finalaurrekoa, Unai Iturriaga eta saio honetarako sailkatutako bertsolariak.

Azaroak 16, Oiartzun, 17:30
Hirugarren finalaurrekoa, Aitor Sarriegi, Jon Maia eta saio honetarako sailkatutako bertsolariak.

Azaroak 17, Murgia, 17:30
Laugarren finalaurrekoak, Aitor Mendiluze, Sustrai Colina eta saio honetarako sailkatutako bertsolariak.

Azaroak 23, Elizondo, 17:30
Bosgarren finalaurrekoa (bigarren itzuliko lehena).

Azaroak 24, Donostia, 17:30
Seigarren finalaurrekoa (bigarren itzuliko bigarrena).

Azaroak 30, Maule-Lextarre, 17:30
Zazpigarren finalaurrekoa (bigarren itzuliko hirugarrena).

Abenduak 15, Barakaldo, 11:00
Finala, Maialen Lujanbio eta finalerako sailkatu diren bertsolariak.