Igande honetan, mendi duatloia Mallabian

Igande honetan, mendi duatloia Mallabian https://www.gaztezulo.eus/albisteak/igande-honetan-mendi-duatloia-mallabian/@@download/image/20129251594mendi_duatloia.jpg
2012/12/13
berria
Igande betea espero dute Mallabiarrek, II. Mendi Duatloia eta Euskal Herriko Mendi Duatloiko Txapelketa Nagusia egingo baitituzte asteburuan bertan. Bi ekitaldiak batuta, egun osoko festa antolatu dute, txikientzako duatloi eta herri bazkari eta guzti. Bizikleta gainean eta lasterka dituzten abileziak erakutsiko dituzte parte hartzaileek, nekearen osteko sariaren esperoan. Egun polita izango da, dudarik gabe!

Aurten bigarren aldiz antolatu dute mendi duatloia Mallabian, eta 200 lagun inguru espero dituzte aldapan gora eta behera igande honetan. Izena emateko epea irailaren 28ra bitarte, ostirala, dago zabalik, eta 16 euroko balio ditu.

Parte hartzaileak goizeko 11:00etan abiatuko dira, eta orotara 10 kilometro korrika eta 16 bizikletan egin beharko dituzte. Lasterkako zatiak, baina, bitan banaturik daude, tartean bizikletaren segmentua jarri baitute antolatzaileek.

Gizon eta emakumeei zabalduriko proba da, eta bi kasuetan, lehen postuan iristen direnek 150 euro, bigarrenek 100 euro eta hirugarrenek 50 euro jasoko dituzte.

Txapelketa
Mallabiakoa Euskal Herriko Mendi Duatloi Txapelketan kokaturiko froga izango da. Zazpi lurraldeetan zehar egiten da, eta kirolari herrikoiek nahiz federatuek har dezakete parte. Lasterketa bakoitzaren zailtasuna antolatzaileek erabakitzen dute, eta horien araberako puntuazioa ematen zaie garaileei.

Giro apartaz eta jarduera osasuntsuaz gozatzera hurbiltzeko parada izango da asteburukoa, Bizkaiko herri txikian egun-pasa egiteko modukoa. Animatu!

Eta gainera


10:00. Txikientzako Duatloia
Zortzi urtetik beherakoentzako froga bat, eta 14 urtetik beherakoentzako bigarren bat egingo dituzte.

14:30. Herri bazkaria.

Parte hartzaile ala zaletu izan, eguerdian frontoian egingo duten herri bazkarira hurbiltzeko aukera duzu. Sarrerek 10 euro balio dute; umeen kasuan, 7 euro.
Izena emateko, idatzi helbide honetara lehenbailehen: mallabiaduatloia@hotmail.com