Iduzkilore antzerki taldeak 'Ihesi' antzezlana estreinatuko du Azkainen

Pierre Palmade eta Christophe Duthuronen Les Fugueuses lanean oinarritua dago Iduzkilore taldearen Ihesi antzezlana eta Maddi Zubeldiak egin du egokitzapena. Berrogeita hamar minutuko iraupena du obrak eta publiko osoari zuzendua dago.
Bi emakumeren istorioa kontatzen du antzezlanak: "Bi emazte bide bazterrean. Alde batetik, Sabina. Zahar etxetik ihesi, inposatua izan zaion etorkizunetik ihesi. Beste aldetik, Marga. Familiatik ihesi, hatsik gabeko etxekandere bizitik ihesi. Ihesbidean elkartuz ta norberaren ihesaren funtseri buru eginez, gero berri bat irudikatzen ibiliko dira jakin gabe haien ametsak zein heinetan gauzatuko diren...".
Maike Etxekoparrek zuzendu du obra eta Bernadette Iratzoki Luro eta Maider Beheran dira antzezleak. Ainhoa Elizondo arduratuko da musikaz.
Estreinaldia larunbatean, hilaren 20an, izango da Azkaineko Biltoki Gelan, 20:00etatik aurrera. Sarrerak egun berean izango dira salgai. Hamabost urte baino gehiagokoentzat hamar euroan izango da sarrera, eta gainerakoentzat, bost euroan. Erreserbak egin daitezke honako telefono zenbakira deituta: 05 59 54 66 89 (Azkaingo Herriko Etxea).
Estreinaldiaren ondotik, beste emanaldi batzuk ere badituzte lotuak: urtarrilaren 28an, Larzabalen; otsailaren 10ean, Ziburun; otsailaren 16an, Hendaian eta otsailaren 17an, Seguran. Martxoaren 3an, Saran; martxoaren 9an, Hazparnen; martxoaren 10ean, Anoetan, eta martxoarren 22an, Arbonan; apirilaren 3a, Aulestin, eta apirilaren 14an, Uztaritzen.