Idurre Eskisabel izango da Euskalgintzaren Kontseiluko idazkari nagusia
Eskisabelek adierazi duenez, "ilusio eta erantzukizun handiz" jaso du Kontseiluko ardura nagusia betetzeko proposamena. Askotariko eremuen arteko zubi-lanean sakontzen jarraitzeko konpromisoa azaldu du, eta euskaran, kulturan, hezkuntzan, eremu sozioekonomikoan, eskubide sozialetan, migrazioan, feminismoan, LGTBQ+ mugimenduan, eremu digitalean, gazterian eta bestelakoetan aritzen diren eragileekin aliantzak sustatu eta hizkuntzaren gaia erdigunera eramateko lan egingo duela ere iragarri du.
Abenduaren 6an beteko ditu Kontseiluak 25 urte eta urteurrenaren harira Durangoko San Agustin Kultur Gunean egingo duten ekitaldia baliatuko dute Eskisabelen kargu-hartzea irudikatzeko. Kontseiluak jakinarazi duenez, ordezkaritza politiko, instituzional eta sozialaz gain, Kontseiluko lehenengo idazkari nagusi Xabier Mendiguren Bereziartu (1998-2010), egungo idazkari nagusi Paul Bilbao Sarria (2010-2022) eta aginte-makila hartuko duen Idurre Eskisabel bera elkartuko dira. Ekitaldia goizeko hamaiketan hasiko da, eta bertaratu nahi duenak, inprimakia bete beharko du.
Idurre Eskisabel (Beasain, 1970) Antropologian lizentziaduna da Euskal Herriko Unibertsitatean, eta kazetaritzan ibilbide luzea egin du. Euskaldunon Egunkaria eta Berrian egin du lan, eta hainbat hedabidetan kolaboratu du, tartean Euskadi Irratian, Radio Euskadin, eta Euskalerria Irratian. Gaur egun, Jakinen Eskafandra bildumako kontseilu editoreetako kidea da, Lokatza podcasteko egileetariko bat eta Eusko Jaurlaritzako Euskararen Aholku Batzordeko kidea da, Hizkuntza eta Genero atalekoa. Lanbidez, EHUko Kazetaritza Saileko irakaslea da, eta bertan prentsa edizioa, irratigintza eta informazio generoak irakasten ditu. Liburugintzan ere jardun da; 2018an, Goseak janak poema liburua plazaratu zuen, eta 2019an, Trikua esnatu da. Euskaratik feminismora eta feminismotik euskarara argitaratu zuen Lorea Agirrerekin batera.

