Idoia Torregarai: "Emakumeok umorean ahaldundu behar gara"

Idoia Torregarai: "Emakumeok umorean ahaldundu behar gara" https://www.gaztezulo.eus/@@site-logo/logoa.png
2015/06/11
elkarrizketa
Idoia Torregarai: "Emakumeok umorean ahaldundu behar gara"
Idoia Torregarai (1974, Usurbil) Barretartia blogaren sortzailea da. Umore zale amorratua, kazetaria da ikasketaz, eta gaur egun UEUko komunikazio-arduradun dihardu.


Zerk eragiten dio barrea Idoia Torregarairi?
Alabaren eta semearen ateraldiek, lanean ostiraletan egiten ditugun txorakeriek, aitaren txisteek, beste norbaiten algararak, Twitterreko txioek…

Zergatik sortu zenuen Barretartia bloga?

Umoreak beti izan du tokia nire bizitzan, eta duela hiru urte atal horri garrantzi gehiago eman nahi niola erabaki nuen. Umoreari buruzko blog bat euskaraz egitea erronka polita iruditu zitzaidan, konpromiso bat eskatzen zidalako eta nahi nuena egiteko askatasuna ematen zidalako.

Emotikonoak sakelako elkarrizketetan; alde edo kontra?
Alde!!! :) XD

Zer da komedia zuretzat?
Komedia barre eginarazten dizun gertaera edo obra izan daiteke. Giza gaitasuna da, barre egin eta eginarazteko ahalmena.

Zein da Whatsappean barre egiteko erabiltzen duzun onomatopeia?
Jijiji...

Hamaika Telebistako ‘Idemtitateak’ saioan ikusi zaitugu emakumearen eta umorearen gainean hitz egiten. Barreak berdintzen gaituela uste duzu?
Barreak aske egiten gaituela esango nuke, baina oraindik umorea, batez ere, gizonezkoen esparrua da, beraien joko-arauekin mugatua. Emakumeok plaza hori (ere) hartu behar dugu.

Nola jorratuko zenuke berdintasuna umorean genero ikuspegitik?
Emakumeok umorean ahaldundu behar gara. Subjektu pasiboak izan gara; umorea egin dezakegula jakin behar dugu, gure gaiak, mekanismoak, erreferentziak sortu eta ikusgai egin. Gai hori lantzeko formakuntza tailerrak prestatzen ari naiz datorren ikasturterako.

Zein dira gustukoen dituzun umoregileak?
Mikel Pagadi, Eva Hache eta Jerry Seinfeld.

Umorea saritu beharko bazenu, nor sarituko zenuke?
Onintza Enbeitiari. Erreferentzia handia da umorean (ere).

Eta nor zigortu?
Umorea besteak zapaltzeko erabiltzen duen oro.

Zer eramango zenuke irla desertu batera?
Liburuak, arkatza eta papera. Eta mugikorraren kargagailua