Idoia, Neomak, Merina Gris, Laura Sam eta Queralt izango dira Gure Ahotsak kontzertu zikloan

Idoia, Neomak, Merina Gris, Laura Sam eta Queralt izango dira Gure Ahotsak kontzertu zikloan Martxoaren 1etik 7ra izango dira emanaldiak, Donostiako Victoria Eugenian eta Antzoki Zaharrean. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/idoia-neomak-merina-gris-laura-sam-eta-queralt-izango-dira-gure-ahotsak-kontzertu-zikloan/@@download/image/AZ_Merina Gris (3).jpg
2023/12/13
Martxoaren 1etik 7ra izango dira emanaldiak, Donostiako Victoria Eugenian eta Antzoki Zaharrean.
Idoia, Neomak, Merina Gris, Laura Sam eta Queralt izango dira Gure Ahotsak kontzertu zikloan

Donostia Kulturak 2019an abiatu zuen Gure Ahotsak emakumezkoen kontzertu zikloa, eta egun bakarreko emanaldia izaten zena, bost kontzertuko egitarau bihurtu zen iaz. Aurten ere formatu berean egingo dute eta kontzertuak martxoaren 1etik 7ra izango dira, Victoria Eugenia Antzokian eta Antzoki Zaharrean, honako artista hauekin: Idoia, Neomak, Merina Gris, Laura Sam eta Queralt Lahoz

Emakumeen sormenari bide ematea, eta musikari hasiberriak eta eskarmentudunak oholtza gainean elkartzea du helburu Emakumearen Nazioarteko Egunaren bueltan antolatzen den zikloak.

Kontzertuetarako sarrerak gaurtik aurrera izango dira salgai Victoria Eugenia Antzokiko eta Antzoki Zaharreko leihatiletan eta donostiakultura.eus/sarrerak webgunean. Gainera, zikloko hiru kontzertutarako edo gehiagorako sarrerak erosten dituztenek %10eko deskontua izango dute eta Donostia Kulturako bazkideentzako ohiko %10eko deskontuarekin bateragarria izango da.

Ekimena iragartzeko kartela Raisa Alava (Zuhatza, Aiara, 1990) ilustratzaile eta artistak egin du aurtengoan. Bost petalodun lore koloretsu eta bizia ondu du, zikloan parte hartuko den emakumezkoen talde eta bakarlariez osatua. 

2019an, Sara Mansilla, Olatz Salvador, Elena Setien eta Izarok parte hartu zuten egitasmoan; 2020an, Ainhoa Larrañaga, Sara Zozaya, Maren eta Belako izan ziren oholtzan; 2021ean, Idoia Asurmendi, La Basu eta Niña Coyote eta Chico Tornado (iragarrita zegoen Matilda taldeak ez zuen parte hartzerik izan); 2022an, Ainara Legardon, Miren, Verde Prato eta Eneritz Furyak; eta 2023an, berriz, Natalia Lacunza, Olatz Salvador, La Bien Querida, Maite Larburu eta Neomak aritu ziren.