Idoia Blanco : “Hala Bedik ez du beste komunikabideekin lehiatu nahi"

Idoia Blanco : “Hala Bedik ez du beste komunikabideekin lehiatu nahi" https://www.gaztezulo.eus/albisteak/idoia-blanco--hala-bedik-ez-du-beste-komunikabideekin-lehiatu-nahiquot/@@download/image/26p16-1.jpg
2003/01/03
elkarrizketa
Edurne Begiristain
Datorren urteko abuztuan hogei urte beteko ditu Euskal Herriko irrati libre zaharrenetarikoak. Urteotan, Hala Bedi Irratiak jauzi itzela eman du, eta gero eta entzule gehiago ditu. Idoia Blanco irratian buru belarri lanean ari den gasteiztarra da. Berarekin mintzatu da GAZTETXULO.

Zein aldaketa izan ditu Hala Bedik azken hogei urte hauetan?
Herritarren babesak gora egin du nabarmen, komunikabide propio bat izateko beharraren isla. Lokala eta estudioa bera ere handitu egin dira eta irratia Araba osoan eta Nafarroako Sakanan entzutea lortu da. Kaleko jendearen elkartasunak ekonomikoki asko lagundu dio irratiari. Bestalde, aipatzekoa da, 1991z geroztik, ez dugula poliziaren jazarpenik izan, eta hori eskertzekoa da.

Nola definituko zenuke Hala Bedi Irratia?

Irrati librea da, gainerako hedabideekin lehiatu nahi ez duen komunikabide autonomoa. Desberdina, partehartzailea eta asanblearioa. Euskal Herria eta bereziki Araba oinarritzat duen irratia.

Zer nolako harremana duzue gainontzeko irrati libreekin?

Irrati libreen arteko harremana etengabea da, batik bat azken boladan, Arrosa egitasmoa abian jarri zenetik. Bertan, 30etik gora irratik parte hartzen dute.  

Zenbat pertsonek lan egiten duzue Hala Bedin?

Hala Bedi Irratian ia ehun bat lagunek osatutako familia handia gaude. Kolaboratzaileak askoz gehiago dira, eta halabelarriak, alegia, irratiko bazkideak, 521 dira gaur egun eta gure helburua 666 halabelarri lortzea da; beraz, gutxi geratzen zaigu.

Bazkide berriak egiteko kanpaina abiatu zenuten duela urtebete. Zer zela eta?

Bazkideen gaia serio hartzeko beharra antzeman genuen, familia handitzeko beharra ikusten baikenuen. Halabelarriak audientziarekin dugun zuzeneko harremana dira, irrati honen oinarria eta babesik handiena. Hala Bedi-ren izena gehiago zabaltzeko kanpaina abiatu genuen, eta bide batez, bazkide berriak egiteko modua ere izan zen. Elkarte, alderdi politiko eta sindikatuekin hitz egin genuen hasieran, eta gero jendearengana jo genuen. Kanpaina berezia eta bitxia egin genuen: "Halabes 666 operazioa" izenekoa. 251 halabelarrirekin hasi ginen eta egun 521 ditugu.

Dirulaguntzei dagokienez, ateak itxi al dizkiozue erakundeen babesari?

Ez, betiere laguntza horiek gure proiektu komunikatibo eta filosofikoari inongo baldintzarik ezartzen ez badiote. Gasteizko erakundeetan bilatzeaz gain -Udala, Aldundia edota Eusko Jaurlaritza-, Arabako eta Nafarroako beste herri batzuetara ere hurbiltzeko aukera dago, adibidez, Laudiora, Altsasura, Ziordiara… Dirulaguntzak eska daitezke hezkuntza edo prestakuntza ikastaroak egiteko. Dena den, hau ez dugu inondik inora diru iturri iraunkor gisa ikusten.

Zenbat saio eskaintzen dituzue?

Astero 30 saio egiten ditugu, magazinak tartean. Horietako bi, "Bagazina" eta "Suelta la Olla", geuk ekoitzitakoak dira, eta "Ostarteko Balkoia", berriz, Arrosa zentroak egiten du. Denetariko gaiak jorratzen dituzten saioak eskaintzen ditugu: kultur arlokoak ("Bertsoko", "Ortzadarra"…), internazionalistak ("A desalambrar" edota "Hola Latinoamerica"), umorezkoak ("Una Hora Tarde"), bidaiei buruzkoak ("Kasakatxan") eta beste hainbat.

Egun zenbat entzule dituzue?

Ez dakigu zehatz-mehatz, baina, gutxi gorabehera, 10.000 omen dira. Duela sei urte, CIES enpresa pribatuaren datuen arabera, egunero 7.000 entzule genituen. Garai hartan, ordea, egun baino leku gutxiagotan entzuten zen irratia.

Euskarak zein tarte du?

Euskararen normalizazioaren aldeko apustua egiten dugu. Horretarako, gure irratsaio eskaintzan, Arabako egoera soziolinguistikoaren gainetik dagoen portzentaia bermatzen dugu euskaraz. Hala ere, helburu horrek kuantitatiboa ez ezik, kualitatiboa ere izan behar du. Beraz, helburua ez litzateke inongo neurririk gabe euskaraz emititzea, baizik eta, hizkuntzaren kalitatea hobetuz, igortzen ditugun mezuetan euskara modu egokian erabiltzea.

Eta etorkizunari begira, zer?

Urtarrilean halabelarriekin batzar nagusia egingo dugu, gure jardueraren ildo nagusiak zeintzuk diren jakin dezaten: irratiaren aurrekontua, azken urte hauetako lan ildoa eta saio berriak. Eta bestalde, hogeigarren urtemuga ospatzeko, zerbait prestatzen hasiko gara… baina sorpresa da, eta ezin dut ezer esan oraindik!