Idaztearen gozamenean lagun

Idaztearen gozamenean lagun https://www.gaztezulo.eus/albisteak/idaztearen-gozamenean-lagun/@@download/image/20111144642literatura_eskolak_1.jpg
2011/11/04
erreportajea
Testua: Maitane Legarreta
Bederatzigarren ikasturteari heldu dio Bergarako Idazle Eskolak. Ikasleek Pako Aristi, Harkaitz Cano, Miren Agur Meabe eta Edorta Jimenez izango dituzte idazkuntzan bidelagun, besteak beste. Gogorik behintzat ez dute falta urritik ekainera larunbat goizero bilduko diren literaturzaleek.

Udazkenean ekiten diote Idazle Eskolako ikasleek ikasturteari Bergarako UNEDeko eraikinean. Leihoetatik zuhaitzetako adarrak biluzten eta kaleak kolorez betetzen ikusten dituzten bitartean biluzten dituzte eurek ere euren barrualdeak orri zuriei kolorea emanez. Eskola honetan aritutako bi gazteren eskutik ezagutuko dugu bertan mamitzen dena, izan ere, lehen mailako ikasleen ilusio eta aurreikuspenak bigarren mailakoen esperientzia eta proiektuekin nahasten dira. Nork bere helburuak izaten ditu, ordea: liburu bat publikatzea, idazten ikastea, zer irakurri jakitea, maiztasunez idazteko ohitura hartzea…. "Lehen ere idazten nuen, baina aldizka, horretarako une jakinik hartu gabe, eta eskolan modu jarraian eta diziplinatuan hasi nintzen idazten. Horrek asko lagundu dit. Zer idatzi ez dakizunean ere zerbait idazteko gai bazarela ikustea mesedegarria da norberarentzat, eta begia horretara zuzentzen du, hau da, edonon eta edozertan idazteko dagoen gaia topatzera" dio Ekhiñe Egiguren bigarren mailako ikasleak.

Idaztea jardun bakartia izan ohi den arren, eskolan ikaskideekin batera bizitzen dute euren prozesua. "Oso giro polita dugu lehen egunetik. Ikasketa eta lan mundu desberdinetakoak izanda ere, lotura sortu da gure artean, gustuko dugun eremu batean oinarrituta. Irakasleekin ere oso harreman zuzena dugu eta guztiok, bakoitza bere lekuan, eroso sentitzen garela esango nuke" dio Egigurenek, "irakasle guztiek literaturarekiko lilura eta pasioa transmititu didate, eta irrika hori izan da beste ezeren gainetik jasotakoa, idazteko harra". Doltza Barandiaran ikasle ohia ere bat dator: "Irakasleak ez dira ikastetxe bateko irakasleen pareko, ikaskide bat gehiago dira eta maiz hartu izan dugu kafea elkarrekin. Euren umiltasuna, sinpletasuna, gertutasuna… izan da gehien harritu nauena. Betidanik distantzia handi samarrarekin ikusi izan dudan jendea oso gertuko sentitu dut eskolan. Gure lanak goraipatu eta baloratzean sekulako poza eta idazten jarraitzeko animoa izan ditut. Autoestimua apur bat igotzeko balio izan dit eta jendaurrean nik idatzitakoa beldurrik gabe plazaratzeko. Jabetu naiz guztiok dugula idazle bat gure barruan".

Egindako lana elkarbanatuz

Ikasleek hainbat lan argitaratzeko modua izaten dute Idazle Eskolak ikasturte amaieran kaleratzen duen Luma berrien eleak aldizkarian, Garako Mugalariak gehigarrian edo 7ka aldizkariak udan gordetzen dien txokoan. Webgunea ere badute, www.idazten.com, astero-astero egiten dituzten lanak zintzilikatzeko plaza.

Hilean behin izaten den Idazleak Irakurle izeneko tartean, idazle batekin elkartzeko aukera izaten dute eta honek liburu jakin bat idaztean izandako esperientzia kontatzen die. "Eskolarako osagarri ezin hobeak dira. Klaseetatik aparte beste idazle batzuen hausnarketak, iritziak, adierazpenak… entzuteko aukera paregabea. Mintegietan genero mota ezberdinetako idazleak gonbidatzen dituzte eta oso aberasgarriak izaten dira", kontatu digu Doltza Barandiaranek.

Ilunabar Literarioak izeneko emanaldiak ere antolatzen dituzte hainbat herritan, eta bertan ikasle edota ikasle ohiek euren testuak irakurtzen dituzte bertaratzen direnen aurrean. Egigurenek aipatu duenez, "ikasteko aukera paregabea dira. Etxean idatzitakoak jendaurrean irakurri ahal izatea gustoko dut eta uste dut beharrezkoa dela. Urduritasun pixka bat sortzen du, baina egiten duzunari beste dimentsio bat ematen dio. Azken finean, idazle batek ez du norberarentzat bakarrik idazten". Barandiaranen ustez, "ikasleon lanak plazara eramateko modua da; jendeari gure barneko sentimenduak helarazteko aukera. Oso une hunkigarriak bizi izan ditut; emozionatu izan naiz, gozatu dut eta jendearen eskerrak jaso ditut. Gure arteko harremana estutzeko ere balio dute".

Literaturzaleei gomendatzekoa

Balorazioa hain positiboa izanik, gomendagarria iruditzen zaie Idazle Eskolako esperientzia. "Literatura maite duen orori esango nioke Idazle Eskolara gerturatzeko. Kontua ez da idazle ona edo txarra izatea, zure sentimenduak azaleratzeko gogoa, ausardia, izatea baizik. Irakurtzea edo idaztea gustuko duen edozeinek gozatuko du" azaldu digu Barandiaranek. Egiguren ere ados dago: "Idazteko zaletasuna duen edonorentzat egokia dela uste dut. Idazketa oso gauza pertsonala da, intimoa eta bakarkakoa. Baina halere, Idazle Eskolaren bidez, zaletasun eta ilusio bera duen jendea ezagutzen duzu, ilusio horri jarraituz liburuak argitaratu dituzten idazleak, eta irrika horri tiraka inoiz liburuak idatziko dituzten idazlegaiak. Zaletasun bati bidea eginez urrun hel zaitezkeela erakusten dizu Idazle Eskolak. Eta hori zirraragarria da".

Tere Irastortza: “Gure erronka handiena idazle eta irakurle onak sortzea da”



Tere Irastortza (Zaldibia, 1961) emakume lanpetua da: Beasaingo ikastolako zuzendaria, Idazle Eskolako zuzendaria eta irakaslea, idazlea… Burua mila kontutan eta denbora iheska izanda ere, beso zabalik hartu gaitu lantokiko bulegoan. Irribarretsu eta begi adeitsuekin erantzun ditu galderak.

Zein helbururekin sortu zen Idazle Eskola?
Idazten irakasteko sortu zen. Ahalegina egin dugu praktikoa izan dadin, idazleak irakasle bihurtuz eta homologazio maila bat eskainiz.

Zer motatako ikasleak izaten dira Idazle Eskolan?
Lanbide ugaritako gizonezko eta emakumeak: kazetariak, medikuak, irakasleak… Euskal Herriko toki guztietatik etortzen dira, gutxien Iparraldetik. 2003 urtetik hona, 140 ikaslek baino gehiagok amaitu dute graduondokoa.

Nola aukeratzen dituzue ikasturte bakoitzeko irakasleak eta gaiak?
Lehen ikasturtean ikasgai batzuk ez dira ia aldatzen: narrazioa, poesia, iritzia…. Baina bigarren ikasturteari begira, lehen ikasturteko ikasleek izan ditzaketen beharrak kontuan hartzen ditugu, eta batzuetan gaiak eta mintegiak oso espezifikoak izaten dira: ahozkotasuna, haur edo gazte literatura… Ikasle eta ikasle ohien iritzia oso kontuan hartzen dugu gaiak eta irakasleak hautatzerakoan.

Zer transmititu nahi diezue ikasleei?
Normalean ikaslea moldatzen da idazten, generoren batean behintzat. Gu saiatzen gara idatzitakoa zuzentzen erakusten, eta baita idazketa luze eta jarraietan etenaldietatik eta idazteko ezintasunetik nola irten ere.

Ikasleek eurek ere irakasten al dizuete zerbait?
Zailena ez da izaten ikasle batek edo idazle batek gaizki egin duena arrazoitzea, baizik eta ona zergatik den azaltzea. Besteena zuzenduz, zeure aurreneko sortze prozesua amaitzen denean, zeure lanak ere hobeto zuzentzeko ikuspegi zabalago bat hartzen duzu.

Ikasleen idazkuntza aldetik nabaritu duzu aldaketarik lehen ikasturtetik hona?
Idazketa prozesua oso pertsonala da eta ikasleen motiboak ere bai. Uste dut aldaketak baino gehiago ezberdintasunak daudela. Ezberdin garen heinean, ezberdin idazten dugu; eta garai batekoak garen heinean, bagara geure garaiaren zordun ere, baina ez dut nabarmentzen eboluzio baten zantzurik.

Idazlea noiz da idazle, publikatutakoan?
Idazlea idazten duena da. Euskal Idazleen Elkarteak liburu bat edo hamabost artikulu argitaratu izana jartzen du bazkide gisara onartzeko irizpidetzat. Baina soziologikoki eta mediatikoki, idazlearen definizioa hainbat genero jorratzearekin dago lotua. Batek hamar testu-liburutan parte hartu badu, nekez identifikatuko da idazle gisara, eta batek poesia liburu bat kaleratu badu, idazletzat hartua izango da. Ziurrenera, bat idazle da besteek idazle gisara ikusten dutenean.

Zeintzuk dira etorkizuneko erronkak?
Ekonomikoki azken urteak oso larriak izan dira. Proiektuaren atzean ordaintzen ez den lan handia dago. Mugitu beharrean gaude, erronka eta berrikuntzak datoz orain. Europako Idazketa Eskoletako Elkarteko kide egin gara, eta geure metodologiaz interes handia dago. Guk ere zerbait ikasi ahal izango dugu, eta gure ikasleek hemendik kanpoko literatura ezagutzeko parada izango dute. 2010-11ko edizioan Idazle Eskolako beka Karmele Igartua Sorkuntza Beka izendatu dugu eta hori modu egokian argitaratzeko bidea jorratu nahi dugu.  Beka hori irabazi duten hainbat idazlek egin dute eta egingo dute gerora ere beren bidea. Duen garrantzia emateko ordua iritsi delakoan gaude, beraz. Aurten irratira ere jauzi egingo dugu: Info7n tartetxo bat izango dugu astelehen goizetan. Hori ere ondo egin nahi genuke, jendea literaturara hurbiltzeko moduak asmatzen jarraituz. Erronka handiena idazle eta irakurle onak sortzen jarraitzea izango da.