Idazketan trebatzeko saioak egingo dituzte Biarritzen, Iruñean, Donezteben eta Bilbon

Euskal Idazleen Elkartearen helburuetako bat idazketa sustatzea da eta, horretarako, hainbat erakunderekin aritzen dira lanean ikastaro eta tailerrak osatzeko. Irailean eta urrian Euskal Herriko lau tokitan izango da trebakuntzarako aukera: Bilbon, Biarritzen, Donezteben eta Iruñean. Idazleen Elkartearen hitzetan, "guztiak ere aukera bikainak idazten ikasteko, idatziz gozatzeko eta idatzitakoa partekatzeko".
Irailaren 23an, larunbata, Biarritzeko Mediatekan egingo dute tailerra, Maddi Ane Txoperena idazle, kazetari eta bertsolari hendaiarrarekin. Idazteko gogoa duten baina nondik hasi ez dakiten edo aspalditik idatzi baino euren esperientzia partekatzeko gogoz dauden horiei zuzenduta dago. "Trukoak partekatzeko momentu ezin hobea" izango dela aurreratu dute. Gehienez hogei pertsonako taldea izango da, hamalau urtetik aurrerakoentzat. Hemen eman daiteke izena.
Zure bizitza idatzi izeneko ikastaroa egingo dute Bilboko Foru Liburutegiko Hitzaldia Aretoan, urriaren 2tik azaroaren 20ra, astelehenero, 16:30etik 18:30era. Ikastaro honen helburua norbere emozio, sentimendu eta jarrerak identifikatu eta ulertzea da eta, horretarako, idatzi egingo dute. Diziplina ezberdinetatik abiatuko dira, eta adibide gisa egunerokoak, ipuin laburrak, poesia, komikiak, zutabeak, albisteak, publizitatea, zinea, argazkilaritza eta musika erabiliko dituzte. Beste batzuek egindako artelanetan oinarrituz, euren burua ezagutuko dute, genero ikuspegia ere txertatuta. Jasone Osoro izango da gidaria eta hamasei urtetik aurrerakoei zuzenduta dago. Izen-ematea irailaren 27ra arte dago zabalik eta hemen kontsulta daiteke programa.
Gazteei idazketa baliabideak eskaintzeko helburuz lau egunetako egonaldia antolatu dute, Zirriborro izenekoa, Donezteben. Urriaren 12tik 15era izango da, eta Yolanda Arrieta, Oier Guillan, Jon Alonso, Oihana Arana, Yurre Ugarte eta beste zenbait arituko dira irakasle lanetan. Egitaraua hemen kontsulta daiteke eta izen-ematea esteka honetan egin behar da.
Azkenik, Hitzen Mintegia literatur tailerrak egingo dira urriaren 28an, azaroaren 11n eta azaroaren 25ean, Iruñeko Kondestable Jauregian. Nerea Loiolak literatur testuak lantzeko baliabideak irakatsiko ditu, Patxi Zubizarretak idazketa irakurketatik abiatuta landuko du, eta Aritz Gorrotxategik poesia eta sormena lantzeko saioa emango du. Izena emateko bidea eta xehetasunak laster ezagutaraziko direla jakinarazi dute.