Iciar Bollain zinemagileari eskainitako zikloa Bilboko Azkuna Zentroan

Iciar Bollain zinemagileari eskainitako zikloa Bilboko Azkuna Zentroan Hamaika film izango dira ikusgai guztira, eta gaur eta bihar 'Hola, ¿estas sola?' filma emango dute. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/iciar-bollaini-eskainitako-zikloa-bilboko-azkuna-zentroan/@@download/image/azkuna-zentroa-iciar-bollaín-960x960.jpg
2022/01/12

Testua: Maitane Legarreta Etxezarreta
@mailegetx

Hamaika film izango dira ikusgai guztira, eta gaur eta bihar 'Hola, ¿estas sola?' filma emango dute.
Iciar Bollain zinemagileari eskainitako zikloa Bilboko Azkuna Zentroan

Bilboko Azkuna Zentroko Zinematekak Iciar Bollaini eskainitako zikloarekin irekiko du 2022ko programazioa. Zuzendari madrildarraren hamaika film eskainiko dituzte Azkuna Zentroan gaurtik martxoaren 24ra bitarte. Film bakoitzaren bi emanaldi egingo dituzte, gainera; egun jarraietan izango dira, bata 17:00etan eta bestea 19:30ean.

Antolatzaileen hitzetan, "Iciar Bollainez hitz egitea publikoarekin bat egiten duten istorioekiko bokazioaz hitz egitea da; istorio horien bidez zuzendaria modu enpatikoan gerturatzen baita pertsonen bizitzetara. Artifiziorik gabe egiten du eta irismen globaleko gai eta arazoen inguruan argi apur bat emateko asmoz: indarkeria, matxismoa edo ekologismoa, esaterako. Zinemako lanbideaz duen jakin-mina eta lilura nabarmentzen dira zuzendari honengan. Iciar Bollain gizartearekin konpromisoa duen emakumea da, zinema kontzientziaziorako eta gizartea aldatzeko tresna dela uste duena. Sororitatea eta ahalduntze femeninoa beti lotu izan dira bere lanarekin, gaur egun bezain ospetsua ez zenean ere bai".

Gaur hasiko da zikloa Hola, ¿estas sola? filmarekin, Hogei urteko bi neskaren bidaia eta adiskidetasunaren istorioa kontatzen du pelikulak. Bertan agertzen diren aktoreen artean daude Silke, Candela Peña, Alex Angulo, Elena Irureta, Daniel Guzman eta Antonio de la Torre. Emanaldia 17:00etan izango da eta bihar errepikatuko dute 19:30ean. Sarrerak hemen eskura daitezke. 

Hurrengo emanaldiak honako hauek izango dira: urtarrilaren 19an eta 20an, Flores de otro mundo; urtarrilaren 26an eta 27an, Te doy mis ojos; otsailaren 2an eta 3an, Mataharis; otsailaren 9an eta 10ean, Tambien la lluvia; otsailaren 16an eta 17an, Katmandu, un espejo en el cielo; otsailaren 23an eta 24an, En tierra extraña, martxoaren 2an eta 3an, El olivo; martxoaren 9an eta 10ean, Yuli; martxoaren 16an eta 17an, La boda de rosa; eta martxoaren 23an eta 24an, Maixabel.