Icaroren seme-alabak

Icaroren seme-alabak https://www.gaztezulo.eus/albisteak/icaroren-semealabak/@@download/image/2p34-3.jpg
2012/12/13
elkarrizketa


Gazte asko eta asko airean jauzi egiteko tentaldian erori dira. Sokaz loturik, hori bai. Zubi saltoa egiteko ohitura duela zenbait urte zabaldu zen gure artean eta oraindik ere zale asko du Euskal Herrian.
Zubi saltoa galarazita dago Europako hainbat estatu eta herrialdetan. Gerarta Arotzena, mota honetako saltoak antolatzen dituzten Ghettha elkarteko eta Pauso Gaizto mendi elkarteko kideak adierazi digunez, "Ipar Euskal Herrian kontuz ibili behar da jendarmeekin. Nafarroan ere Goardia Zibilak ez du zubi saltorik egiten uzten eta EAEn Ertzaintzak, jendea zubi saltoak egiten ari denean, beste alde batera begiratzen du".
Gerartak azaldu digunez, beraiek bi salto mota antolatu ohi dituzte: "zubi saltoa" eta "zubi bi saltoa". Lehenengoa betikoa saltoa da, zubi batetik egiten da eta jauzi egin ondoren, saltogilea alde batera eta bestera mugitzen da zintzilik, pendulo moduan. Bigarrenean, berriz, bi jauzi egiten dira nolabait: lehenengoaren ondoren, eta saltogilea oraindik alde batetik bestera dabilela, zenbait soka zertxobait askatu eta beste salto bat egiten da. Gerartaren esanetan, "azken jauzi hauek Azkoitiko Azkarateko zubian egin ohi ditugu eta guztira, 50 metroko eroria dute saltogileek".
Azken boladan, ordea, "supersaltoa" gehitu diote zerrendari.  "Sokak 80 eta 55 metroko bi garabiei lotzen zaizkie, eta 72 metroko eroria eta 130 kilometroko abiadura lortzen dira. Ikaragarria da, ikustekoak dira benetan jauzi egiten dutenen aurpegiak!", dio Gerartak.
Jende askok jotzen du mota honetako jauziak antolatzen dituzten enpresetara, adrenalina kanpora bota nahian edo. Ausarta hauek gazteak izan ohi dira, baina Gerartak 70 urteko aiton-amonak ere zubitik "bota" dituela dio. Bestalde, zenbait saltotan bi lagunek jauzi egiten dute batera. "Behin EEBBetan hamazazpi lagunek batera jauzi egin zuten, baina dena den, guk ez dugu bi lagunetik gorako saltorik antolatzen", diosku Gerartak.
Hala ere, mundu honetan, gorago jotzeko ohitura handia dago. Beraz, Gerartak eta bere lagunek beste marka bat hautsi nahi dute: ehun metrotik beherako jauzia prestatzen ari da. Ezetz gurekin salto egin!